Kazeta

Berdintasunaren aldeko kanpaina aurkeztu du Integrazio Batzordeak

Otsailaren 19an Senperen egindako prentsaurreko baten bidez, Integrazio Batzordeak "Denak berdinak, denak desberdinak... denak bakarrak" lelopean 2015ko kanpaina aurkeztu du. 16. kanpainak tokiko dinamikak garatu nahi ditu "hurbiltasuna" lortzeko.

Integrazio Batzordeak aurtengo 16. kanpaina aurkeztu du.
Integrazio Batzordeak aurtengo 16. kanpaina aurkeztu du.

Otsailaren 19an Integrazio Batzordeak "Denak berdinak, denak desberdinak... denak bakarrak" lelopean aurtengo kanpaina aurkeztu du. Aurtengoa hamaseigarrena da eta helburua tokiko dinamiken garapenari esker "hurbiltasunezko" lanen arrakaska lortzea da.

Urtero bezala, taldeak helburu zehatz batzu bete nahi ditu. Alde batetik, batzordeak dituen beharrei erantzuteko ahal bezainbat diru bildu nahi dute. Horretarako, "partaideak fidelizatu" eta kide berriak lortu behar dituzte.

Bestalde, ahalmen urriak dituzten pertsonen "begirada" eta jarrerak aldatzen lagundu behar dituzte. Xede horretara heltzeko, Integrazio Batzordeak beren presentzia zihurtatu nahi du gizartean eta batez ere beren tokia islatu nahi dute komunikabideetan.

Berdintasunaren alde lan egiten duen taldeak esplikatu du, aurten Estatu frantseseko Hezkuntzak ahalmen urriko haurren laguntzaileen diru laguntzak bi urteko kontratuen bitartez eginen dituela, CAE (zuzenbide pribatuko kontratua) deitutakoak. Ondotik, horiek publikoko kontratu batera pasatzen ahalko dira, gaur egun AESH izena dutenak.

Datuen arabera, 18 haurrentzat Seaskak laguntzen dituen "kontratu pribatu eta prekarioak" badira, lau haurrentzat Estatuak lagundutakoak eta 22 haurrentzat Hezkunde Nazionalaren AVS kontratuak.

Geroz eta gehiago

Integrazio Batzordeak adierazi du ikasturte honetan haur kopurua %20 baino gehiago emendatu dela eta horrek behar duen diru kopurua handitzea ondorioztatu duela. Hain zuzen ere, iragan den urtean 96.000 euro behar zituzten eta aurten aldiz, 138.000 euro.

Dominique Idiart, Integrazio Batzordeko kideak adierazi duenez, diru hori eskolarizatu behar dituzten haurrentzat erabiliko da. Modu berdian, "familien segipenaz okupatzen diren bi langileak ordaintzeko".

Diru hori lortzeko Idiartek zehaztu du "afixa eta mailing" kanpaina abiatu dutela. Hau da, 1.200 bat pertsonei aurtengo kanpaina bideratuko diete. "50 bat elkartek laguntzen gaituzte mezua zabaltzen eta dirua lortzen", gehitu du.

Etorkizuneko hitzorduak

Kanpaina eta elkarteen lanaz gain, martxoaren 1ean Pirritx eta Porrotxen ikusgarria antolatu dute Hazparneko Mendeala gelan. Halaber, martxoaren 7an, Euskal Herri osoan informazio mahaiak antolatuz, Partaide eguna ospatuko da.