Kazeta

Makron legea: euskal diputatuek ez dute zentsura mozioa bozkatuko

Manuel Valls-ek Konstituzioko 49.3 artikulua erabili ondoren, oposizioak aurkeztu duen zentsura mozioa bozkatuko du gaur Asanblada nazionalak. Collette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuek ez dute bozkatuko.

Otsailaren 19an iraganen da zentsura mozioaren bozka. Argazkia Wikipedia.
Otsailaren 19an iraganen da zentsura mozioaren bozka. Argazkia Wikipedia.

Manuel Valls-ek otsailaren 17an François Holland-i Konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzeko posibilitatea galdegin dio. Artikulu hunek testu bat pasatzeko aukera emaiten du Asanbladaren botoa gabe. Ondotik, oposizioak zentsura mozio bat aurkezten ahal du; gaurkotasunean gertatu dena.

Ez ohizkoa den neurri hori otsailaren 19an, ostegunarekin, bozkatuko da. Neurriak gehiengoa lortzen ez badu, gobernuak Macron legea onartuko du. Aldiz, mozioa bozkatua bada, gobernuak dimisioa aurkeztu beharko du (sekulan gertatu ez dena 49.3 artikuluaren erabilpenarekin). Ipar Euskal Herriko diputatuak diren Collette Capdevielle eta Sylviane Alaux-k ez dute mozioa bozkatuko.

Estatu frantseseko Konstituzioaren 49.3 artikuluak lege baten prozesua eteteko parada eskeintzen dio erabiltzaileari. Manuel Valls ministroak eskubide hori erabili du, batez ere Macron legea kolokan zegoela ikusi duelako. Artikulua erabili ondoren, egun batez luzatzen da epea eta tarte horretan oposizioak zentsura mozio bat aurkezten ahal du. Gaurkotasunean gertatu dena.

Ipar Euskal Herriko diputatuek adierazi dute ez dutela zentsura mozioa bozkatuko, baina ez lukete iritzi berdina izanen legea bera bozkatzeko orduan. Sylviane Alaux diputatuak adierazi du ez duela "49.3 artikuluaren erabilpena jujatuko", baina "legea bera bozkatu behar baldin bazen, kontra bozkatuko" zukeela.

Igandeko lana

Colette Capdvielle diputatua Macron legearen testuaren alde agertu da, jakinez honi lotutako komisio berezian lan egin duela. Bere hitzen arabera, Ipar Euskal Herri mailan igandetan lan egitearen gaiak gehien kezkatzen dio. "Lan egin dugu igandetan lan egingo duten pertsonen soldaten %30eko igoera lortzeko. Gaur egun ez dute eskubide hori", adierazi du diputatuak.

Otsailaren 19an iraganen den hitzorduan zentsura mozioa ezeztatua baldin bada, testua onartua izanen da lehen irakurketan eta Senatura bidaliko dute.