Kazeta

Bagoaz kolektiboa: 24 eragile euskal preso eta iheslarien alde

Ni ere banoa mugimenduak aitzina pausu bat eman du. "Norbanakotik, kolektibora" pasatuz, Ipar Euskal Herriko 24 eragilek osatzen duten Bagoaz kolektibo berria aurkeztu du. Euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatuko dituen iniziatiba da.

Bagoaz kolektiboaren aurkezpena. Argazkia Bob EDME.
Bagoaz kolektiboaren aurkezpena. Argazkia Bob EDME.

"Euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatu eta haien bide orrien garapenean lagundu". Honakoak dira otsailaren 19an ostegunarekin aurkeztu dituzten Bagoaz kolektiboaren helburuak. Ni ere Banoa mugimenduak dinamika kolektiboruntz aitzina pausu bat eman du, Ipar Euskal Herriko 24 eragilerekin batera.

Iragan den urtarrilaren 31n, sindikatu, alderdi politiko edo mugimendu sozialekin batera, Bagoaz kolektiboa sortzea erabaki zuten. Ni ere Banoak 2014ko ekainaren 14ean Baionan "Giza eskubideak, konponbidea, bakea!" lelopean egin zen manifestazioaren ondotik, dinamika iraunkortzea erabaki dute.

"Euskal preso eta iheslarien eskubideen errespetuaren inguruan gizartea informatzea eta mobilizatzea" nahi dute. Modu berdinean, "preso eta iheslarien etxeratzea" eskatzeaz gain, salbuespenezko neurriak desegitea exijitzen dute.

Estatu frantsesak eta espainiarrak bake prozesurako duten jarrera ezkorra azpimarratuz, "gizarte zibilaren aktibazioarekin" errepresioaren bidearekin bukatuko dutela aldarrikatu du Bagoaz kolektiboak.

Bagoaz kolektiboak Baionan egindako prentsaurrekoaren bidez etorkizunerako pentsatu dituen dinamikak aurkeztu ditu. Alde batetik, maiatzaren 16an "dinamika berria" asmatzeko helburuarekin, herritar tailer bat antolatuko dute. Bestalde, apirilaren 4ean Frederik Haranburu, Jakes Esnal, Ion Parot eta Unai Paroten espetxeratzearen 25. urteurrenaren karietara, "baldintzapeko askatasuna lortzen ahal duten presoen askatzea" exijituko dute.

Halaber, Ibon Fernandez Iradiren zigor suspentsio eskaeraren auziaren egunean elgarretaratze bat antolatuko dute. Azkenik, euskal iheslari politikoen ondoan "lan egitea engaiatzen" dira.

 

Bagoaz kolektiboan diren ordezkariak:

Ligue des Droits de L’Homme, Bake Bidea, Cimade, Etxerat, Comité pour la Défense des Droits de l’Homme en Pays Basque, Anai Artea, Observatoire International des Prisons Pays Basque, Herriarekin, LAB, Union Syndical Solidaire, ELB, CFDT santé sociaux Pays Basque, La Commune, Indar Beltza, Ahaideak, CAR/EKB, Aitzina, EHZ, EELV, EHBAI, Abertzaleen Batasuna, Sortu, NPA Pays Basque, Autonomia Eraiki eta Eusko Alkartasuna.