Iurre BIDEGAIN

Baxe Nafarroan egurraren kultura berreskuratzekotan

Udalbiltzak, Euskal Garapen eta Kohesioaren Fondoak programaren barnean, hitzarmen bat izenpetu du Sugarai elkartearekin, Baxe Nafarroan biomasaren inguruko proiektu bat abiatzeko. Eskeinitako 10.000 euroei esker, Sugarai "elkarteak egurraren kultura" berreskuratu eta materiala eraldatzeko egitasmoa abiatuko du.

Sugarai elkarteak eta Udalbiltzak hitzarmena izenpetu dute.
Sugarai elkarteak eta Udalbiltzak hitzarmena izenpetu dute.

Otsailaren 17an, Donazaharren kokatutako Garazi-Baigorriko Herriko Elkargoan, Udalbiltzak Sugarai elkartearekin lankidetza hitzarmen bat abiatu du biomasaren inguruko proiektua martxan jartzeko. Herri elkargoak eta Garaziko mendi sindikatak ere parte hartu dute akordioan. Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren programan, Udalbiltzak 10.000 euroko mailegu bat utzi dio proiektuari.

Lurraldearen kohesioa indartzea eta tokiko ekonomia sustatzea. Hauek dira Mertxe Aizpuruak, Udalbiltzako lehendakariak, adierazi dituen helburuak. "Gure herria eraikitzeko, borondatea da garrantzitsuena", gehitu du.

Sugarai elkarteak berotzeko egurra eraldatzeko egitasmoa sortu nahi du. Mendiben kokatutako eremuari esker, Pettan Daguerre kideak zehaztu duenez, "ibarra dinamizatzeko" helburua dute. "Duela aspaldi, herri anitz egurrari esker bizi ziren eta kultura hori berreskuratu nahi dugu. Tokian egurra produzitu, eraldatu, komerzializatu eta kontsumitu", esplikatu du Daguerrek.

Egurrari esker etekinak sortu nahi duen eta laborariei sortarazi nahi dien elkarteak, lanpostu berri batekin abiatuko du proiektua, baina poliki-poliki aitzina pausuak emaitea espero du eta "jendea materiarekin lortzen ahal diren etekinetaz kontzientzia harraraztea".

Gizartearen kontzientzia harraraztea

Halaber, Beñat Arrabitek, Garazi-Baigorriko Herri Elkargoko lehendakariak zehaztu du Sugarai elkartearen proiektua "tokiko ekonomiaren garapenarentzat puntu bat" izanen dela. "Oihanak bere tokia hartu behar du eta lurraldeak energia positiboaren alde jo behar du", erran du lehendakariak.

Mertxe Aizpuruak adierazi duen bezala, Udalbiltzak diru laguntza arrazoi anitzengatik eman du. Alde batetik, Sugarai elkarteak proposatutako ekimena "ekintzailea" delako. Bestalde, "burujabetza energetikoan aurrera pausu bat da". Lehendakariak azpimarratu du Euskal Herrian %8a energia berriztagarriari esker ekoizten da eta Ipar Euskal Herrian %1,5a. "Bidea luzea eta zabala da oraindik". Azkenik, Aizpuruak adierazi du proietuaren egitasmoa antolatzeko manera eredugarria dela, botere publikoek bat egin dutelako iniziatibarekin.