Kazeta

Biziko lehendakaria komisaldegira deitua da

Otsailaren 12an, Bizi! kolektiboak Baionako HSBC bankuan egindako ekintzaren ondorioz, mugimenduaren lehendakaria komisaldegira deitua da. Jean-Noël Etcheverry gaurko deitua izana zen, baina azkenean hitzordua heldu den otsailaren 17ra gibelatu dute.

Bizi! mugimenduak HSBC bankuaren aitzinean. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Bizi! mugimenduak HSBC bankuaren aitzinean. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Bizi! mugimenduko lehendakaria, Jean-Noël Etcheverry Baionako komisaldegira deitua da, atzo HSBC bankuan burututako ekintzagatik. Hain zuzen ere, "ebasketa" leporatu diote. Gaurko, otsailaren 13rako finkatua zen hitzordua, baina azkenean gibelatua izan da heldu den otsailaren 17a arte.

Etcheverry libreki entzuna izanen da, zaintza gabe eta abokatu batekin joaiteko eskubidea du. Leporatzen dioten delituak espetxeraketa eragiten ahal dio eta elkartearen miaketa gauzatzen ahal da.

Aurrekariak

Otsailaren 12an, Bizi! kolektiboak HSBC bankuan sartu eta bertako mubleak hartu zituen. Horretaz gain, langileei Attac eta Bastamag-ek argitaratu berria duten «Livre noir des banques» («Bankuen liburu beltza») salaketa liburuaren ale bat eman zieten. Ekintzak helburu argi bat zuen: "zerga ihesaren kontrako" jarrera plazaratzea.