NAIZ
DONOSTIA

Euskal Kosta-Aturri Hiriguneak eta Donostiak lankidetza abiatu dute kulturaren alde

Donostiak eta Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko hiriek hitzarmen bat sinatu dute Donostia 2016ari begira kultura, turismoa eta mugikortasuna bezalako arloetan garatzen diren proiektuetan lankidetzan jardun asmoz.

Jean-René Etchegaray eta Juan Karlos Izagirre, hitzarmenaren sinaduran.
Jean-René Etchegaray eta Juan Karlos Izagirre, hitzarmenaren sinaduran.

Donostiako auzapeza Juan Karlos Izagirre eta Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko lehendakaria eta Baionako auzapeza den Jean-René Etchegarayk lankidetza protokoloa sinatu dute, Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi aitzinean izan dutela.

Lankidetza protokolo honen helburu nagusia, kulturaren, turismoaren eta mugikortasunaren arloko proiektu bateratuak finkatu eta sustatzea izanen da, Donostia 2016aren harira. Aipatu ekimenak emandako aukeraren emaitza da hitzarmena.

Euskal Eurohiriko hainbat hirien arteko lankidetza sakondu eta egonkortzeko aukera izanen da, beraz, hitzarmenari esker. Zehazki, Baiona, Biarritz, Angelu, Bidarte eta Bokale eta, bestalde, Donostiaren arteko harremanak sendotzea ahalbidetuko du.