Mikel LABORDA / NAIZ

Lagunarteko bisita preso batengana

Etxeratek plazaratu du iragan den astean 900 pertsona inguruk bidaiak eginen zituztela espetxeetan diren senide eta lagunak bisitatzeko. Hanitzetan bidai hauek lagun artean egiten dira; sentimendu nahasiak dituzten bidaiak.

Lagunarteko "road-movie" esperientziak.
Lagunarteko "road-movie" esperientziak.

Urrun diren lagun edo senide presoak bisitatzera joatea road-movie bat egitearen antzekoa da. Hori nola hasten den badakizu, baina nola bukatuko den erratea ezinezkoa da. Are gutxiago, aldez aitzinetik ez badituzu ezagutzen 1.500 kilometrotan eta bi egunetan zehar zurekin egonen diren bidelagunak. «Itsasontzi berean» goaz denak, jakina, baina bidaiaren gastua murriztuko duten eta segurtasuna handituko duten kideen arabera ibilbidea desberdina izaiten da.

Normalean, Gasteizko Lopidanako gasolindegian egiten da zita, bertatik Burgos aldera abiatzeko. Iragarria dagoen eguraldi traketsa dela-eta, ordea, kostaldeko bidea hartu dugu. Kantabria eta Asturias zeharkatu behar dira, Lugoko kostaldera heldu eta hortik hiribururantz jaisteko. Pancorbo eta Leon saihestu nahi ditugu. Monterrosora goaz, galiziar «Mendigorria»-ra.

Aurreko egunean A Lamara joan den lagunak bide hau gomendatu digu. Euskal Herrikoa omen da tarterik zailena, elurra, kazkabarra eta izotza direla medio. Egia esan, Iruñetik Gasteizerako bidea nahiko garbi dago, baina arriskutsu, tenperatura oso baxua delako eta ostiral gauean egin duen izotza ez omen delako urtu. Gasteizen bi lagun ditugu zain; bi gazte, Asier eta Asier.

Bilborako bidean «izotz beltza» iragartzen dute, alegia, betiko izotza baina bataiatu berria. Twitter bidez ikusi dugu Altubeko gaina igarota kamioi batek «guraizea» egin duela, eta hara heldu garenerako garabiak lanean daude, ertzainez lagunduta.

Ordainlekuan Guardia Zibila kontrola jartzen ari da. Zorionez, gure aitzinetik zihoan Seat horia gelditu dute, «bakaletarena», eta ondorioz pasatzen utzi dituzte «a los de la ETA». Txantxaz harago, honelako eguraldiarekin zer-eta Polizia check-pointak jartzen hastea ere, sinestezina da.

Euskal Herria utzita, errepidea garbiago dago, baina Kantabriarekin mugan beste istripu bat ikusi dugu. Audi batek muturra bidean utzi du.

Kilometroak aitzina egin ahala konfiantza handitzen da. Gure bidaideak «berriak» dira dispertsioaren alde huntan. Bata sei urte egon zen preso eta besteak bost urte eman zituen dispertsatua. Alegia, dispertsioaren beste aldea ezagutu dute. Preso ohiak izateagatik baimenik izan ez dutenez, ordea, egin dituzten bidaiak beste norbait laguntzeko izan da. Beraietako bat Mirentxinen laguntzen ibili da eta aurretik beste kartzelaren batean bisitan egon da. Bestearentzat, ordea, lehendabiziko bisita da hau. Laguna lehendabizikoz ikusiko du, biak Madrilen kartzelan zeudela banandu zituztenetik, duela hamar urte. Pentsa.

Sentsazio nahasiak

Goiz heldu gara. Hotelean gainerako senideekin elkartu gara. Goierritarrek hegoaldeko bidea hartu dute eta, arazo handirik ez izan arren, Burgosen herri barrutik desbideratu dituzte bide nagusian egon den istripuagatik.

Uneko nerbio logikoez harago, bisitak bikain joan dira. Baina bisitek ajea uzten dute, eta itzulerako bidaiako lehendabiziko partea isilean egiten da.

Ondoren, aurreko egunean pendiente geratu den gai-zerrenda berrartzen da: estrategia politikoa, presoen egoera, inertziak, nola ez Podemos, ager eta saltusen arteko desberdintasunak, gastronomia, «poliamor» delakoa... Road-movieak 30 ordutik gora iraun du eta 300 eurotik gorako aurrekontua izan du. Denerako eman du.

Euskal Herrira bueltan gaua sartu da, trafikoa areagotu da eta errepide alboetan elurra azaldu da. Etxean gara. Gure anaiak ez, ordea.