Kazeta

Lau gazte atxilotuak izan dira Ipar Euskal Herrian

Teo Salamon eta Haitz Agirrebarrena Baionan arrastatu dituzte Jendarmeek, Alex Feldman Arrosan eta Jean-François Magis Itsasun. Beren etxeak miatu eta Pauerat eraman dituzte. Gaur atsaldean hainbat elgarretaratze antolatu dira: Itsasu eta Baionako herriko etxean 18.30etan eta Arrosako zubian 19.00etan.

Atxiloketak salatzen dituzten margoketak azaldu dira Baionan. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Atxiloketak salatzen dituzten margoketak azaldu dira Baionan. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Jendarmeriak lau pertsona atxilotu ditu urtarrilaren 27 huntan, goizeko 6etan. Teo Salamon eta Haitz Agirrebarrena Baionan arrastatu dituzte, Alex Feldman Arrosan eta Jean-François Magis Itsasun, denak beren etxeetan. Pariseko Parketa antiterroristak agindu ditu atxiloketa horiek. Denak Paueko Jendarmeriarat eraman dituzte.

Jendarmeek gazteen etxeak miatu dituzte. France Bleu Pays Basque irratiaren aburuz, "gertatu diren sute batzuengatik" izan lirateke atxiloketa horiek, tartean Itsasuko sute bat. Euskal Irratiek diotenaz, 2013ko gertakari batzuekin lotuak lirateke.

Gazteen atxiloketak salatzeko, elgarretaratzeak antolatuak dira Ipar Euskal Herriko herri ezberdinetan. Hain zuzen ere, Baiona eta Itsasuko herriko etxetan 18.30etan eta Arrosako zubian 19.00etan.

Sare sozialen bidez, hainbat taldeek gaur goizeko atxiloketak salatu dituzte eta elgarretaratzearekin bat egin dute. Haien artean, EH Bai alderdi poltikoa, Aitzina gazte mugimendua eta Autonomia Eraiki taldea.

Honetaz gain, Leioako unibertsitateak hainbat ikasleek manifestazio bat burutu dute "Gazteria Aitzina"  eta "Atxilotuak askatu" mezua azpimarratuz.