Iurre BIDEGAIN

LAB, igandetan irekitzeagatik legez kanpo den denda baten kontra

LAB sindikatuak igandetan idekitzen duen denda baten kontrako ekintza burutu du. Komertzioaren atea kateatuz, "legeak errespetatzeko direla" azpimarratu nahi izan dute manifestatzaileek. Iniziatiba, gaurtik aitzina Frantses estatuan aztertua izanen den Macron legeari lotu dute.

LABek etorkizunerako gizartean konzienziazio kanpaina burutu nahi du. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
LABek etorkizunerako gizartean konzienziazio kanpaina burutu nahi du. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

LAB sindikatuak urtarrilaren 25ean, igandean idekitzen duen denda baten kontrako ekintza burutu du. Eñaut Aramendi, LAB sindikatuko kideak salatu du Baionako herriko etxearen ondoan kokatzen den Casino frankiziak ez duela baimenik igandetan idekitzeko, eta hori salatzea izan da helburu nagusia. Horretaz gain, sindikatua gaurtik aitzina frantses Estatuak aztertuko duen Macron legearen kontra adierazi da.

Aramendik esplikatu duenez, "legeak dio 13.00etatik aitzina langile guziak enpresatik kanpo egon behar direla". Baionako Casino hori "legez kanpo" dago, igande goizetan bi langile eta atsaldean beste bi langile komertzioan direlako.

Jean Luc Corlobe, Casino frankiziaren kudeatzaileak adierazi du igandetan irekitzea "behar bat" dela eta Baionako herritarrek anitz "estimatzen" dutela. Hain zuzen ere, igandeko mozkinak bere "irabazien %10a" errepresentatzen duela zehaztu du. "Mintzatzen dira adierazpen askatasunaz, baina nik lan egiteko askatasuna aipatu nahi dut", zehaztu du Corlobek. Bere hitzen arabera, LABeko ekintza baino lehen, aurreikusia zen "azken igandea izaitea" urtarrilaren 25ekoa.

Atea kateatua

Ekintzan hogei bat pertsonek parte hartu zuten, "giro lasaian". Parte hartzaileek dendaren ate bat kateatu zuten eta nagusiarekin mintzatu ziren. Ondotik, Baionako auzapezarekin, Jean René Etchegarayekin, harremanetan jarri ziren eta hura ordu bat eta erdi beranduago, eremura hurbildu zen. Auzapezak onartu zuen dena "legez kanpo" zegoela eta magasinaren kudeatzailearekin mintzatu ondoren azken horrek komertzioa hetsi zuen.

"Legeak, legeak dira eta errespetatzeko dira", zehaztu du LABeko kideak. Horri gehitu du "legez kanpo izanda, istripuren bat gertatzen bada, arazoak eragiten ahalko dizkio administratzaileari". Aramendiren ustez, igandetan irekitzeak gizartean "behar bat" sortzen ahal du. "Geroz eta logikoagoa iruditzen ahal da igandetan irekitzea eta horrek lege berriak ekartzen ahal ditu. Ezin da horrela utzi", aldarrikatu du Eñaut Aramendik.

Etorkizuneko ekintzak

LABeko kideak esplikatu du etorkizunerako ez dituztela ekintza zehatzak pentsatu, baina haien helburua gizarteari mezua pasatzea eta zabaltzea dela. "Bihar igandetan irekitzen duen dendak, arriskua du atzo bezalako ekintza bat aurkitzea bere atean", gehitu du Aramendik.