Kazeta

EHEk euskaldunen kontrako erasoak salatu ditu Uztaritzen

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) egitasmoak agerraldia egin du Uztaritzen, "Udalak eta biok euskaraz/ Herriko etxeak eta biok, euskaraz" dinamikaren lehen emaitzak aipatzeko. Honetaz gain, Uztaritzeko herriko etxeak euskara ofiziala izendatzeko erabakia aipatuz, euskaldunon kontrako erasoak salatu dituzte.

EHEk euskararen defentsan mobilizatzeko deia luzatu du. Argazkia: EHE.
EHEk euskararen defentsan mobilizatzeko deia luzatu du. Argazkia: EHE.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) egitasmoko Nestor Estebanek eta Sebastien Irazokik, agerraldia egin dute Uztaritzen. "Udalak eta biok/ Herriko etxeak eta biok, euskaraz" dinamikaren berri eman dute. Estebanek zehaztu du 2014.urtean zehar 17 herrietan martxan jarri den dinamika dela eta bakoitzak aitzina eramaiteko molde ezberdinak plantan ezarri dituztela.

Manera ezberdinek printzipio berdina dute: "euskararen herrian bizi gara eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugu". Euskaraz bizitzeko eskubideen defentsak, herritarrek eskaera zuzenak egin dituzte urraketen berri emanez. Hizkuntzaren dentsaren bidean, EHEko kideak adierazi dute oztopoekin topatu direla, kasu anitzetan "isiltasun administratiboarekin"."Erantzunik eman ez duten administrazioetan eskariak bideratzen segituko dugu ere", adierazi du Estebanek.

Halaber, Uztaritzek euskara ofiziala izendatzeko daraman borroka aipatu dute. "Horrekin batera, normalizazioa hauspotzeko politika burujabeak abiatzeagatik helegite eta mehatxuak jasaten ari diren administrazio lokalei babesa helarazteko ekimenak bideratuko ditugu", gehitu du Nestor Estebanek. Bihar, urtarrilaren 27an, Uztaritzeko Herriko Etxearen kontrako helegitearen ebazpena jakinen da.

Mobilizatzeko deia

EHEk salatu du euskaldunon kontrako erasoen aitzinean, "herri gisa erantzuteko deia" beharrezkoa dela. Horretarako mobilizatzeko deia luzatu du herritar, eragile eta instituzioei: "eraso onartezinei “aski da!” esan eta eskubide ukaezinen alde kalera ateratzeko deia".

Euskararen defentsan lan egiten duten herri eta erankudeei babes osoa adierazi du EHEk. "Aipatutako norabidean euskalgintzako eragileez gaindi, bestelako eragile sozial, politiko, kultural eta instituzionalen inplikazioa eta gutxieneko konpromisoak ere beharrezkoak direla uste dugu, erantzun puntual batetik harago", gaineratu dute.

Ikusi Urruñako EHEk eguberrin egindako ekintza, frantses hutsezko seinaleak salatzeko: