Iurre BIDEGAIN

Mauleko azken hotela hetsia

Mauleko hiria hotelik gabe gelditu da, Hostellerie du Château-k ateak hetsi dituelako. Mixel Etxebeste auzapezak adierazi du zerbitzuak emendatzeko helburuarekin, Agerria etxea, herriko etxeak kudeatuko duen aterpea, larrazkenean irekiko dela. Gainera, turismoa bultzatzeko, 2016.urtean Espartinaren Etxea martxan jarriko da.

Espartinaren etxea 2016ko larrazkenean martxan jarriko da. Argazkia: montagne-paybasque.com.
Espartinaren etxea 2016ko larrazkenean martxan jarriko da. Argazkia: montagne-paybasque.com.

Mixel Etxebestek adierazi du urteetan zehar hotelak hetsi direla "transmisio arazoengatik", baina baita ere "normak ez" betetzeagatik. "Anitzetan gerente bat etortzen zen eta hilabete batzu ondoren ikusten zuen hotela ez zela normetan eta horrek diru kontu handia suposatzen ahal zuela", esplikatu du auzapezak.

Turismoaren zerbitzuari aitzina egiteko, Herriko Etxeak duela hiru urte Agerria Etxearen proiektuan aitzina eramaitea erabaki du. Etxebestek zehaztu du irekiko den aterpea martxan jarriko dela larrazkenean.

"Eko-turismoaren" xeka

Halaber, Xiberoko bailaran turismoa bultzatzeko Herriko Etxeak Espartinaren Etxea sortzea erabaki du. Hain zuzen ere, gogoeta sakon baten ondorioz, "eko-turismoa" erakartzeko baliagarria izanen da.

"Aspaldiko gogoeta zen, eraikitzen joan gira, baina burua falta zen", zehaztu du Etxebestek. Proiektu honi esker, Xieberoko sei lantegi elkartuko dira, "sare bat" sortuz eta horri esker Espartinaren Etxera hurbilduko dena, espartinaren inguruko mundua ezagutzen ahalko du. "Nola egiten diren, zer baden gibelean", gehitu du auzapezak. Beti espartina Maulera lotua izan da eta orain lotura hori indartu nahi dugu", gehitu du Mixel Etxebestek.