Argitxu DUFAU

Prokuradoreak sei urteko zigorra eskatu du I.Oxandabaratzentzat

Intza Oxandabaratz "ETAko kide izateagatik" epaitua izan zen eta ezarri zuen helegitea gaur aztertu dute Parisen. Prokuradoreak lau urteko zigorra eskatu du eta bi urteko balioztapen zigorraren aplikazioa. Deliberioa martxoaren 18an jakinen da. Gaur 19.00etan elgarretaratzea eginen dute Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean.

Intza Oxanbaratzen deliberioa martxoaren 18an jakinen da. Argazkia Bob EDME.
Intza Oxanbaratzen deliberioa martxoaren 18an jakinen da. Argazkia Bob EDME.

Intza Oxanbaratzen ezarritako helegitea gaur aztertu dute Parisen. 09.00etatik abiatu den hitzorduan, prokuradoreak lau urteko zigorra eskatu du eta bi urteko balioztapen zigorraren aplikazioa. Zehaztu dutenez, deliberioa martxoaren 18an jakinen da.

Intza Oxandabaratz, Gamarteko auzoa, 2011an atxilotua izan zen Donibane Garazin, Julen Mujika bere lagunarekin. Azken hori aske gelditu zen azaroan, lurraldea uzteko agindu batekin. Oxandabaratz atxilotua izan zenean, lau hilabeteko haurdunaldia zuen eta haurra erditu baino lehen aske gelditu zen, baldintzapeko askatasunarekin.

Justizia frantsesak leporatzen dio bere ADNa atxeman izana lehergailuentzako material batean. Bere garaian, Intza Oxandabaratzen ADNa beraurek soinean eramaiten zuelako aurkitu zutela deklaratu zuen Julen Mujikak. "Beren harremanaren hurbiltasunarengatik, Julenek Intzaren ADNa eramaiten ahal zuen. ADNa airakorra da, baina magistratuak argumentu horrekin hetsiak dira", zehaztu du Maritxu Paulus-Basurco Oxandabaratzen abokatak.

Bere garaian, ADNaren frogak deseginak izan ziren eta horren ondorioz kontrako balioztapena egitea ezinezkoa izan zen. "Bere oinarrizko eskubideak ez dira errespetatuak izan, kontra balioztapenaren eskubidea oinarrizkoa da", oroitarazi du Paulus-Basurcok.

ADNaren froga horretan oinarritzen da gamartarraren kondena. Aldiz, bere abokataren iritziz, kondenaren oinarria duela urte batzuk "ETAren taldea laguntzeagatik" bi urteko gibelapenezko zigorra litzateke. "Bi uteko kondena jaso zuenez, erruduna kontsideratzen dute, nahiz eta ez duten elementurik bere lehen akusaziotik", aldarrikatu du abokatuak.

Gibelapenezko zigorra

2014. urtean, Intza Oxandabaratzi kartzela zigor berri bat agintzen zioten mementotik, zigorraren gibelapena deuseztatzen zen. Haatik, legearen aldaketa baten ondorioz, egun bi urteko kondena sendoa konfirmatzen bada, Auzitegiaren esku gelditzen da gibelapenezko zigorraren aplikatzea. Hau da, Maritxu Paulus-Basurcok esplikatu duen bezala, Auzitegiak berak bi urteko gibelapenezko zigorra plantan ezartzen edo deuseztatzen ahalko du.

Beraz, Baxe Nafarroko auzoak hiru posibilitate izanen ditu. Alde batetik, absolbitua izatea kargurik gabe. Bestalde, bi urteko kondena jasotzea. Azkenik, lau urteko zigorra: bi urteko kondena eta beste bi urte Auzitegi nazionalak gibelapenezko zigorra plantan jartzen badu.