GARA

Baionako besten afixa herritarrek eta epaileek hautatuko dute

Azken urteetan Baionako bestetako afixek izan dituzten polemiken ondoren Herriko Etxeak irabazlea hautatzeko era aldatzea deliberatu du. 2015eko kartela hautatzeko erabakia partekatua izanen da epaileen eta herritarren artean.

Baionako besten irudia. Argazkia Bob EDME.
Baionako besten irudia. Argazkia Bob EDME.

Herritarrek eta epaileek izanen dute hitza. Aurten Baionako Herriko Etxeak besten afixa hautatzeko modua aldatu du. Adierazi dutenez, aitzinetik udal epaimahaiak bost parte hartzaileak aukeratuko ditu.

Baionako Bestetako Komisioak bost artista hautatu ditu eta egileek urtarrilaren 31ra arteko epea dute afixa eta euskarri ezberdinetarako proposamenak aurkezteko. Erwin Dazelle, Aski, Andre Lascoumes, Jean Marc Barnetche eta Mathieu Prat dira. bost artista hautatuak.

Hautaketaren bozen erdia batzordearen eskutan izanen da eta herritarrek Internetez edo Baionako Euskal Museoan bozkatzen ahalko dute. Irabazleak 3.000 euro irabaziko ditu, eta martxoan emanen da ezagutzera haren izena.