Udalbiltzak eta Bidairraiko Herriko Etxeak "Onddoenea egitasmoa" aitzina eramateko izenpetu duten hitzarmena aurkeztu dute. Akordioari esker antzinako POnt de l´Enfer hotela zena, Baiona eta Donibane Garazi arteko bide ardatzean kokatua dena, berrituko dute.
Auzapezak adierazi duenez, Herriko Etxea lanean hasia da eraikina eta ingurukoak zaharberritzeko. Herriko kontseiluak eraikinari emaiten ahal dion funtzioen inguruko gogoeta egin du, tokiko garapenari laguntzeko eta hango eragileak kontutan hartuz.
Herriko Etxeak adierazi dutenez, Baxe Nafarroko hainbat beharrei erantzun nahiko lituzke egitasmoak. Hau da, pertsonei zuzenduriko zerbitzuak zuzentzea, ikastaroak antolatzeko gunea bilakatzea, tokiko artisauentzako zerbitzu mutualizatua izaitea eta saltoki gune bat bihurtzea tokiko ekoizleentzat.
Helburu zehatzak
Eraikin berriak helburu ezberdinak izanen zituen. Alde batetik Bidarraiko Herriko Etxeak "coworking" eremu bat sortu nahi du, hainbat erakundeekin harremanetarako esparrua bilakatuko zen eszenatokia. Bestalde, "euskal hedabideentzako baliabide zentro bat sortu" nahi dute.
"Onddoenea egitasmoak" bi jarduera nagusi eskainiko zituen: ikus-entzunezko zerbitzuak eskeiniko zituen eta euskarazko telebista parte hartzailea proposatuko zuten. Zehaztu dutenez, "Aldudarrak bideo" elkarteak ibilbidea hasi du iada.