Argitxu DUFAU eta Iurre BIDEGAIN

Atxiloketen kontrako erreakzioak Ipar Euskal Herrian

"Mate" izenburua duen operazioaren kontrako erreakzio gehienek "defentsarako eskubidearen urraketa" azpimarratu dute. EH Baiek, Bake Bideak, Aitzinak, Alice Leiciagueçahar eskualdeko kontseilariak edo Colette Capdeviellek, abokatuen eskubideak aldarrikatu dituzte.

Hernanik ere abokatuen egoitzan miaketak egin dituzte. Argazkia: Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hernanik ere abokatuen egoitzan miaketak egin dituzte. Argazkia: Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS.

Gaur goizean iragandako "Mate" operazioaren ondotik, 16 atxiloketa izan dira. Honen ondorioz, makroepaiketaren 35 epaituetatik 19 abokatu gabe gelditu dira. Auzia etetea galdegin ondoren, auzitegiak epaiketa bertan behera gelditzea erabaki du. Gogoratu behar da epaituen artean, Ipar Euskal Herriko Aurore Martin eta Haizpea Abrisketak ere auziperatuak direla eta gaur Abrisketa izan behar zela jujearen aitzinean pasatu behar zen lehena.

EH Bai alderdi politikoak, "irmoki" salatu ditu gaur goizean egindako atxiloketak. Bere iritziz, "Espainiar gobernuak bakearen kontra agertzen da, horregatik gatazka konponbidearen bidea oztopatu nahi du behin eta berriro, mendekuan oinarrituz bere eginbide politikoa". Gertaeren "izaera antidemokratikoa" azpimarratuz, "atxilotu guztiak berehala askatzea fermuki" galdetzeaz gain, gaur arratsaldean 18.30etan Baionan antolatutako elgarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute. "Egoera politiko hontan inoiz baino garrantzitsua da eskubide zibil eta demokratikoen alde mobilizatzea".

Alice Leiciagueçaharrek, eskualdeko kontseilariak, adierazi du "atxiloketak erantzun harrigarriak" direla. "Atzo Parisen adierazpen askatasunaren aldeko martxa egin da eta gaur atxiloketa hauek iragaiten dira", azpimarratu du. "Denak Charlie gira, baina ez Euskal Herrian", gehitu du.

Modu berean, Bake Bideko bozeramailea den Anais Funosasek adierazi du, mugimendua "oso kezkatua" dela atxiloketekin. "Abokatuak, bake prozesurako lan egiten duten pertsonak dira, gatazka konpontzeko aktoreak eta atxiloketa hauekin defentsarako eskubidearen urraketa egiten da", salatu du. Honekin bat dator Colette Capdevielle. Diputatu eta abokatuak sare sozialen bidez adierazi du "defentsarako eskubidea, oinarrizko eskubidea dela". Halaber, Anais Funosasen ustez, gaurko operazioak "oztopoak dira": "jendea hetsipenera eraman nahi dute eta ez gira zepoan erori behar".

Bake Bideko bozeramaileak azpimarratu du gaur Baionan eginen den elgarretaratzean "askatasun demokratikoaren aldeko aldarrikapena" izanen dela garaile. "Gure aldarrikapenak orokortuko ditugu", zehaztu du Funosak.

Bestalde, Jean Francois Lefort, Sortuko ordezkariak "atxilotuen askatasuna" exijitu du. "Atxiloketa hauek bake prozesuaren kontestuan egiten dira. Euskal preso guzien askatasuna ekarriko duen lanerako eskema bat galdegiten dugu", zehaztu du.

Abokatuaren ikuspegitik

Xantiana Cachenaut abokatuak esplikatu du abokatua auzian ez denean aukera ezberdinak badirela. Alde batetik, "defentsa ezinezkoa denez, suspentsioa eskatzen ahal da". Bestalde, "bertan diren abokatuek haiengan hartzen ahal dute defentsa". Azkenik, "epaileak berak ofiziozko abokatu bat izendatzen ahal du". Cachenautek zehaztu du Frantses estatuan, "prozedura kriminaletan auzipetuak ezin du ezeztatu ofiziozko abokatu horren izendapena".

Abokatuak "lotsagarri" bezala definitu ditu gaur goizeko atxiloketak. "Larunbatean manifestazioa iragan da Bilbon, bihar Auzitegi Gorenak espainolak zigor metaketei buruzko erabakia hartu behar du eta kasualitatez, gaur gertatu dira atxiloketak", aldarrikatu du Xantiana Cachenautek.

Euskal Herriko abokatuen elkarteak prentsaurreko baten bidez atxiloketen balorazio bat eginen du gaur 17.00etan Bizkaiko Abokatu Bazkunean.