Charlotte DALMONT

Elgarretaratzea kanporatze arriskuan den Armeniarraren alde

La Cimade elkarteak urtarrilaren 12an elgarretaratze bat antolatu du armeniar baten kanporaketaren kontra. Ruslan Avdoyan Baionako kartzelan atxilotua da eta babes politikoa galdegin du.

La Cimade elkarteak urtarrilaren 13an elgarretaratze bat antolatu du. Argazkia Bob EDME.
La Cimade elkarteak urtarrilaren 13an elgarretaratze bat antolatu du. Argazkia Bob EDME.

La Cimade elkarteak elkartasuna erakutsi nahi dio Ruslan Avdoyan, armeniar emigratuari. Gaur egun atxilotua da, Baionako espetxean, eta urtarrilaren 13an Armeniarat igorri behar dute. La Cimade elkarteak Prefetak kanporaketaren erabakia ezeztatuko duela espero du. Horren alde borrokatzeko, heldu den urtarrilaren 12an 12.15etan elkartea Baionako suprefeturaren aitzinean bilduko da.

Avdoyan 2012. urtean Frantses estaturat heldu zen bere emaztearekin eta urte bat beranduago babes politikoa galdegin zuen. Orain arte bere eskaera ukatua izan zaio. Bide kontrol batean atxilotua izan zen eta Hendaiako erretentzio zentrora eraman zuten. Kondenatua izan ondotik, Baionako kartzelan sartu dute.

Ruslan Avdoyan, Yézides minoritate etnikoaren parte da. Armeniar hori bere jatorrizko herrirat itzultzeaz beldur da, tratu txarretaz edo atxiloketaren mehatxuaz beldur delako. Horren elkartasunerako, La Cimade elkarteak departamenduko hainbat hautetsiri sustengua eskatu die ; Frédérique Espagnac, Jean-Jacques Lasserre, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux parlamentariei, hain zuzen ere.

Hiru babes politiko eskeiniak

Frantses Estatuak babes politiko gehien jasotzen dituen herrialdea da. Bost urtez, orotara hiru babes politiko eskeiniak izan dira Hendaiako erretentzio zentroan. Jakinez, 300 pertsona pasatzen direla Hendaiako zentrotik eta heren batek eskaera egiten duela.