Garaziko desbideratzearen uztea : kontseilu nagusiak ezeztatzen du

Hirurogei urteko gora-beheren ondotik, kontseilu nagusiak Donibane Garaziko desbideratzea ezeztatu duela iragarri du François Maitiak. Baina, kontseilu nagusiak adierazpen horiek ezeztatu ditu eta azpimarratu du proiektua "gelditua" dela, baina "ez abandonatua".

KAZETA|2015/01/07 11:10|0 iruzkin
Cantonales_garazi_207
Donibane Garaziko desbideratzea "gelditua" ez "abandonatua" da. Argazkia Gaizka IROZ.

Donibane Garaziko desbideratzeak 60 urteko eztabaida du gibeletik. Garaian, Louis Inchauspé auzapezak proposatu zuen ; gaur egungo kontseilari nagusiak aldiz argi du. François Maitiak zorrozki plazaratu duen bezala, "eroa izan behar zela itxia izan den dosier hori idekitzen entseatzeko".

Haren adierazpenak agertu ondotik, kontseilu nagusiak Maitiaren adierazpenak ezeztatu ditu eta zehaztu du elgar aditze sakon bat egin dutela hunkitutako herri elkargoekin. "Donibane Garaziko Herriko Etxeak kontrako iritzia plazaratu du (herriko kontseiluaren erabakia da)".

Kontseilu nagusiak gehitu du: "erabiltzaileen iritziak partekatuak dira". Aitzina eramandako elgar aditzearen helburua "desbideratzearen gauzaketa erabakitzea eta hala bazen, zein izanen zen egokiena hautatzea" da. "Momentuz proiektua gelditua da, adostasunik lortu ez dugulako".

"Proiektua ez da gelditua eta François Maitiaren adierazpenak soilik bera engaiatzen dute", ondorioztatu du erakundeak.

Garaziko kontseilari orokorraren adierazpenekin, auzo batzuen poza agerikoa zen asteartean. Gogoratu behar da, desbideratzearen kontrako kolektibo bat sortu zela, Urgain, Ibai Alde, Gare eta Donibane Garazi Salikarteko herritarrak biltzen dituena.

Honen kide den Laida Etxemendik adierazi zuen: "berri bikaina da; proiektuak ekartzen ahalko zuen kutsadura eta arrabotsari beldurra ginuen".

Kostu ekonomikoa

Proiektuak argia ikusi bazuen, 16 milioi euroko kostua izanen zuen. Esfortzu ekonomikoak "pena mereziko zuen", François Maitiarentzat. "Nahiz eta gaur egun finantzak mugatuak diren, ordainketak epekatzen ahalko genituen". Udan, auto ilarak usu gertatzen dira eta jendea blokatua atxemaiten da. Horregatik, Garaziko kontseilari nagusiarentzat  "desbideratzea beharrezkoa zen".