Beatrice MOLLE HARAN
Urruña

Dispertsioak 25 urte, Estatuak bere legeei bizkarra ematen duen bitartean

1989. urtean sakabanaketaren politika martxan jarri zen euskal presoentzat. Hain zuzen ere, Entique Mugica Herzog-ek, garaiko Justizia ministro sozialistak publikoki iragarri zuen honen plantan ematea. Mugicak, Lehendakaria zen Jose Antonio Ardanzaren (EAJ) onespena lortu zuen.  Azken hori, Gasteizko gobernuaren buru zen, Euskadiko sozialistekin eginiko koalizioari esker. Gaur egun, politika honek 77 espetxetan diren 463 euskal presoen urrunketa eragiten du.

2014ko urtarrilaren 11an Bilbon antolatutako manifestazioa. Argazkilaria Raul BOGAJO.
2014ko urtarrilaren 11an Bilbon antolatutako manifestazioa. Argazkilaria Raul BOGAJO.

 

Heldu den urtarrilaren 10ean, Sare plataformak manifestaldia antolatu du Bilbon, euskal presoen eskubideen defentsa aldarrikatzeko. "Euskal Presoak Euskal Herrira, ahora, now, maintenant, orain !" lelopean, herritarrei martxan parte hartzeko deia luzatu die. Sarerentzat beharrezkoa da dispertsioaren politika honekin bukatzea, horrek familiei “zigor bikoitza” eragiten dielako. Milaka kilometro egitea behartuak dira haien ahaideak ikusteko; anitzetan bidean haien biziak arriskuan ezarriz. Izan ere, 16 pertsonek bizia galdu dute bideetan politika hori martxan ezarri denetik.

1996. urtean, Europar Parlamentuak Estatu espaniarrak euskal presoei ezarritako dispertsioaren politika kondenatu zuen.  PSOE eta PPk erabaki horren kontra bozkatu zuten. 1999. urtean, Amnistia Internazionalak sakabanaketaren bukaera eskatu zuen eta gisa berean, Gasteizeko Euskal Parlamentuak bide berdina segitu zuen. Hain zuzen ere, EAJ eta ezker abertzalearen iniziatibak, PSE, PP eta UpyD-ren oposizioa topatu zuen.

Dispertsioaren amaiera galdegiten dutenek Espainiako Konstituzioan islatua denean oinarritzen dira. Hau da, preso batek bere familia eta inguru sozialetik hurbil bete behar duela bere kondena, bere bergizarteratzea laguntzeko. Giza Eskubideen Europako Tribunalak printzipio hori gogoratu du, eta harekin batera, Nazio Batuen Erakundean torturaren gaia kudeatzearen arduradunak, Theo Van Boven.

Manera arbitrarioan

Azken horrek, dispertsioak ez duela oinarri juridikorik eta manera arbitrarioan aplikatua dela. Theo Van Bovenentzat sakabanaketak ez dio paradarik emaiten presoari eta abokatuari defentsa prestatzeko. Gainera, familiak urrunduak izanki gastuak eragiten dizkie. Etxeratek printzio horrekin bat egiten du: “Soilik presoen familia girelako zigortuak. Zigor horrek ondorio andana ditu: fisikoak, psikologikoak, sozialak eta familiarentzat ere. Ahaztu gabe bidaia guziek eragiten dituzten izugarrizko gastuak; jakinez 1 500 kilometro kurritzen ditugula bataz bestean”.

Gogorarazi behar da Sarek "Dispertsioaren liburua" argitaratu duela lau hizkuntzetan: euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Iragarri dutenez, liburu honen 500 000 ale munduan zehar banatu dituzte.

 

Sakanaketa zifretan:

463 preso 77 espetxetan banatuak.

372 preso Espaniar Estatuko 44 espetxetan.

104 preso Frantziar Estatuko 27 espetxetan.

4 preso Euskal Herriko 3 espetxetan.

Preso bat Inglaterran.

Preso bat Portugalen.

Preso bat Ipar Irlandan.