Charlotte DALMONT

Gaurtik medikuak berriz greban dira

Iragan abenduaren 23tik 31ra, grebaren bidez medikuek beren kexak adierazi ondotik, medikutegiak ireki zituzten, baina behin-behinean. Gaur, urtarrilaren 5 eta 6an ohiko grebaz gain, sendagile batzuek "greba administratiboa" eginen dute.

Medikuek greba gaur berriz abiatzen dute.
Medikuek greba gaur berriz abiatzen dute.

Kontsulten ordainketaren igoera edo formakuntza egunen emendioa. Honakoak dira medikuek aldarrikatzen dituzten aldaketak. Horretarako, iragan den abenduaren 23tik 31ra greba egin zuten. Orotara 80 dira departamenduak errikisionatu dituen orotako medikuak, abenduaren 23tik urtarrilaren 1a arte. Mobilizazio astearen ondotik, berriz beren funtzioetara itzuli ziren Osasun ministeritzaren erantzunik jaso gabe.

Gaur, urtarrilaren 5a eta bihar, mediku liberalek, orotakoek eta espezializatuek grebaren dei berri bat luzatu dute. Hain zuzen ere, ohiko grebaz gain "greba administratiboa" eginen dute. Beren kontsultetan osasun karta ez erabiltzea proposatuko diete eriei eta, ondorioz, artamendu orrien bidez lan eginen lukete. Mobilizazio modu hunen helburua da Osasun Asurantzaren zerbitzua trabatzea eta gobernuari presio gehiago sartzea.

Marisol Touraine Osasun ministroak ez badu aldaketarik proposatzen, sendagileek "gerrilla" fase bat hasten ahalko lukete. Hauteskunde kanpaina garaian, tokiko hautetsiak galdezkatzen ahalko lituzkete.

Alde batetik, kontsultaren prezioaren igoera eskatzen dute. Hain zuzen ere, 23 eurotik 25era pasatu nahi dute kontsultaren prezioa. Jean-Jacques Bénichou, departamenduko Orotako Medikuen sindikataren lehendakariak, adierazi duenez "orotako medikuntza espezializazio bat bezala kontsideratua da, baina balioztapenek ez dute bat egiten".

Bestalde, departamenduko sindikatuek ere formakuntza egun kopuruaren beititzea salatzen dute. Hiru urtez, formakuntza egunak zortzitik bi egunera pasa dira. Beraz, sindikatuek formakuntza konbentzional ordaindu bat eskatzen dute, zortzi eguneko formakuntzaren eskubidea plantan ezartzeko.

Negoziazioak etorkizunerako

Momentuz, Osasunaren ministroak, Marisol Touraine-k "ez die deus aurkeztu zehazki" medikuen sindikatuei. Bénichou-k zehaztu duen bezala, negoziaziorako bilera bat aurreikusia da heldu den urtarrilaren 12rako.