Hautetsiek azkarki galdegin dute "Intza libre" egotea

Intza Oxandabaratz gamartiarra aske egotea eskatuz, 217 hautetsik izenpetu dute haren sustengu komiteak prestatutako mozioa. Gainera, Sylviane Alaux, Jean Lassalle, François Maitia, Alice Leiciagueçahar eta Beñat Arrabit-ek gutun bat zuzendu diote urtarrilaren 21ean epaituko duen jujeari.

taberna, goizeder|2015/01/03 14:00|0 iruzkin
Loading player...

"Manifestaldi handi" bat antolatzeko xedea du Intza Oxandabaratzen sustengu komiteak. Urtarrilaren 17an, Donibane-Garaziko karriketan gaindi izanen da mobilizazioa (ikus. erlazionatutako albisteak). Helburu horrekin, Baxe Nafarroko 217 hautetsiren sustengua lortu du gamartarrak, urtarrilaren 21ean Parisen izanen duen auziaren karietarat. Horietako batzuk agertu dira, sustengu komiteko ordezkarien ondoan, larunbat goiz huntan Garazin antolatua zen prentsaitzinekoan.

Garazi, Baigorri eta Oztibarre aldeko hautetsiak dira. Horien artean, 28 dira auzapezak. Sutengu komiteak azpimarratu denez, Garaziko auzapezen %84a. Horri gehitu behar zaio Sylviane Alaux eta Jean Lassalle diputatuek, François Maitia eta Alice Leiciagueçahar eskualdeko kontseilariek eta Beñat Arrabit Garazi-Baigorri Herri elkargoko lehendakariak epaileari idatzi dioten gutuna.

"Mobilizazio azkar hunek erakusten du Intzaren kasuaren inguruan arrengura eta kezka handia badela", nabarmendu dute Hegoa Arakama eta Maider Larrieu komiteko kideek. Mozio batean bildu dute kezka. Jean-Michel Bicain Gamarteko auzapezak eta Isabelle Henry Donibane Garaziko hautetsiak irakurri duten testuan, 2012az geroztik kontrol judizialpean Gamarten bizi ondoren, "bat batean hain lanjerosa bilakatua ote da Intza, berriz preso sartua izaiteko eta bere semeaz berexia izaiteko?", galdegiten dute kontseilari eta auzapezek.

Izan ere, I. Oxandabaratz 2011an arrastatu zuen polizia frantsesak, Julen Mugica lagunarekin batera, haurdun zegoela. Geroztik, amak hezi du semea, aita preso zegoela. Joan den apirilaren 7an iragan zen bien auzia. Intza Oxandabaratz lau urteko kartzela zigorrerat kondenatu zuen epaileak. Egun, emazteak erabakiari dei egiten dio, "bere hobengabetasuna defendatzeko", oroitarazten du Hegoa Arakamak.

Testuinguru

Auzi hori testuinguru batean kokatzen dela ohartarazten dute hautetsiek idazkian : "Aieteko Adierazpenaren hirugarren urtemuga, alderdi guzietako ordezkari politiko eta sozialen jarreraz markatua izan da". Eta ondokoa ondorieztatzen dute : "hautetsi bezala, iduritzen zauku gisa huntako auziek ez dutela bat egiten Euskal Herriko jendeen aldarrikapenarekin".

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK