Goizeder taberna

Iruzur susmoaren aitzinean, M. Alliot-Mariek bere burua defendatzen du

Pariseko agerkari batek Michèle Alliot-Marie eta haren ahaideak iruzur afera bati lotuak liratezkeela dio. Donibane Lohizuneko auzapez ohiaren aitak duen Chantaco Hotela dosierraren erdian litzateke, informazio horiek baieztatuko baliere.

Iruzur susmoak Michèle Alliot-Marie eta haren ahaideen gainean dira.. (ARGAZKI PRESS)
Iruzur susmoak Michèle Alliot-Marie eta haren ahaideen gainean dira.. (ARGAZKI PRESS)

Canard Enchaîné astekari satirikoak bere azken edizioan idazten duenez, frantses Lehen ministroa Fondation du Bénévolat egiturari interes publikoko jardueraren zigilua kentzea aztertzen ari litzateke. Fundazio horren gibelean, Michèle Alliot-Marie eta haren ahaideak agertzen dira. Eta astekariaren susmoen erdian : Donibane Lohizuneko Chantaco Hotela.

Frantses eurodiputatuaren eta ministro izandakoaren bozeramaileak, Florimond Olivek, artikulu horretan diren informazioak "gezurra" direla segurtatzen du, Mediabask.eus-ek jaso duenez. M. Alliot-Marieren kontrako azpijoko bat litzateke afera hori.

Barne ministeritza zigiluaren kentzea abenduaren 15ean tratatzen hasi litzatekeela zehaztu du astekariak. Zigilu horri esker, Fundazioari diru-emaitzak egiten dizkiotenei zergak apaltzea ahalbidetzen die. Horren desagertzearen arrazoina, F. Olivek dioenez, barne araudi arazo bat litzateke.

Haatik, Canard Enchaîneren esplikazioak bestelakoak dira. Fundazioak, zehazkiago horren ondoan sortutako Fundazioaren Lagunen elkarteak, diru-laguntza publikoak jaso ditu. Diru hori Donibane Lohizuneko Chantaco Hotelean mintegiak antolatzeko erabili luke. Ekimen horien antolakuntzarentzat erabilitako diru hori zirkuitu hetsi batean ibili litzatekeelaren susmoa du Pariseko hedabideak.

 

Aurre ikerketa judiziala


Hots, hoteleko, Fundazioko eta elkarteko arduradunen artean. Finean, pertsona beraren artean, luxozko aterbearen jabe, elkartearen sortzaile eta Fundazioko administratzaile, horiek denak betan baita Bernard Marie, Michèle Alliot-Marieren aita. Azken hori joan den uztaila arte Fundazioko administratzailea zen ere bai. Haren koinata, Jean-Pierre Olive, elkarteko diruzaina.

Mementoko, susmoak baizik ez badira ere, aurre ikerketa judizial bat abiatu du finantza parketak, Euskal Herriko Kazetak 2013an jada aipatzen zuenez eta familiaren eta egitura horien hainbat egoitza miatu dituzte ikerleek. Arraziona : diru mugimendu dudakorrak Chantaco hotelaren, Donibane Lohizuneko turismo bulegoaren eta Filma zuzendari gazteen festibalaren artean. Azken horren lehendakaria Bernard Marie izan da luzaz.