Iurre BIDEGAIN

"Emankorra" izaten ari da Libre Baxe Nafarroaren sustengu kanpaina

Libre Baxe Nafarroa sustengu taldea Intza Oxandabaratz eta Aurore Martinek bizitzen duten egoeraren berri ematen ari dira abenduaren 19an hasi duen kanpaina "emankorraren" bidez. "Publiko guziak hunkitzeko helburuarekin", heldu den igandean, Ainhiza Monjolosen Mari Bi sos antzerki taldeak "Istaño bat" obra eskeiniko du.

Donibane Garazin abenduaren 26an egindako elgarretaratzea. Argazkia Libre Baxe Nafarroa.
Donibane Garazin abenduaren 26an egindako elgarretaratzea. Argazkia Libre Baxe Nafarroa.

"Gure helburua jendarteari auzien berri emaitea da". Lehena, Aurore Martinena, urtarrilaren 12an hasten da eta Intza Oxandabaratzena 21ean izanen da. Hegoa Arakamak, Libre Baxe Nafarroako sustengu taldearen kideak, abenduaren 19tik abiatu den kanpainaren helburua zehaztu du. "Euskal Herriak bizi duen aro berrian, auzi hauek ez dute tokirik", gehitu du.

Arakamak adierazi duen bezala sustengu taldean Baxe Nafarroko auzoak parte hartzeaz gain, "denetarik bada: familia, lagunak, burasoen lagunak. Baina baita pentsamolde askotakoak ere; ez bakarrik abertzaleak". 

Intza Oxandabaratz eta Aurore Martinen egoerak "ezagunak" dira Baxe Nafarroan eta "jendarteak ez ditu ulertzen beren auzien zereginak". "Jendea oso hunkitua izan zen Intza atxilotu zutenean eta asko mobilizatu ziren garaian askatua izaiteko", zehaztu du Arakamak.

Orain arte iragandako hitzorduak "oso emankorrak" izan dira. Horretarako joan den abenduaren 19an Bunuzen egindako kontzertu batekin abiatu zuten kanpaina. Halaber, abenduaren 26an, Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean egindako elgarretaratzean 200 bat pertsonek parte hartu zuten.

"Gure helburua adin guzietako pertsonak hunkitzea da", adierazi du Hegoa Arakamak. Horretarako heldu den urtarrilaren 4an Ainhiza-Monjolosen kokatutako Laborantza Ganbaran Mari Bi sos antzerki taldeak "Istaño bat" obra emanen du.

Horrez gain, urtarrilaren 9an Amikuzeko Aldaka gaztetxean hitzaldi bat antolatua du komiteak "makroepaiketa politikoei" buruz hausnartzeko. "Erakutsi nahi dugu zer suposatzen duten eta, adibidez, Aurorek nola bizitzen duen prozedura", esplikatu du Libre Baxe Nafarroako kideak. Horretarako, testingantza zonbait izanen dira mintzaldian.

Interpelazioen berri

Gainera, bihar urtarilaren 3an, Donibane Garaziko Cité Administrative gelan, prentsaurreko bat izanen da. Garazi-Baigorri eta Oztibarreko herrietan egin den interpelazioen berri emanen du Baxe Nafarroak sustengu taldeak. Iragarri dutenez, hitzorduan hautetsiak presente egonen dira.

Halaber, sustengu taldeak ekimena urtarrilaren 17an Donibane Garazin antolatu duten manifestaldiaren deia luzatzeko baliatuko du.