Mediabask-en zuzendaritza

MEDIABASK, zure hedabidea

Antton Etxeberri. Argazkia Sylvain Senvristo.
Antton Etxeberri. Argazkia Sylvain Senvristo.

Hara, desafioa gainditu dugu ! Urtarrilaren 1 huntan aro berri bat hasi dugu. 2015 urtea Mediabask.eus-en sorrerarena eta Kazeta.eus-en berritzearena izanen da.

Iparla elkarteak sustatzen duen egitasmoak eskaintza zabal bat du :
- Lehen urrats batean, bi web gune proposatzen ditu ; egunero, Euskal Herriko gertakariak aipatuko dituzte, frantsesez eta euskaraz, eta sare sozialetan izanen dute hedapena (Twitter eta Facebook-en).
- Bigarren urratsean, MEDIABASK L'HEBDO paperezko astekaria plazaratuko du ; Interneteko bi guneen osagarria izanen da.

MEDIABASK proiektuak parte hartzailea eta herritarra izan nahi du. Zazpi herrialdeen herriaren ikuspegia landuko du. Lurraldea bere garapenean laguntzeko xedea du ; sortzen diren eztabaidak biziarazi nahi ditu. Agertzen diren erronken ulermenerako gakoak emanen ditu, orotariko iritziak bilduz, eta analisiak nahiz ikerketak proposatuz.

MEDIABASK izpiritu ideki eta dinamiko batekin abiatu da. Hala, iraunkorki mugimenduan izanen da ; erregularki hobekuntzak eta zerbitzu berriak ekarriko ditu. Irakurleari iruzkinak uzteko, kritikatzeko, beste ikuspegi bat ekartzeko posibilitatea emanen dio.

MEDIABASK, hainbat hedabiderekin batera, Naiz plataforman sartu da. Interneteko eremu horretan biltzen diren eduki guziak MEDIABASK eta KAZETAko irakurleen esku izanen dira. Haatik, Naiz-en den hedabide bakoitzak bere independentzia editoriala atxikiko du.

MEDIABASK-en sorrera ehunka pertsonen engaiamenduari esker lortu da. Azken hilabeteetan kantonamendu guzietan egin den xinaurri lanak proiektuaren oinarri ekonomikoak eraikitzeko balio izan du. Milesker zuei deneri !

MEDIABASK-ek aldarrikatzen duen independantzia  atxikitzeko, denen parte hartzea, sustut ekonomikoa, galdegiten du. Kalitatezko kazetaritza lan profesionala eta independentea egiteko, berriketari profesionalak eta baliabide tekniko egokiak behar dira. Horrek, gastu handiak eragiten ditu gurea bezalako egitura batentzat.

Hedabide berria ezagutarazteko, lehen hilabetean artikuluak doainik izanen dira. Otsailetik aitzina, berriz, hiru harpidetza mota proposatuko dira. Anartean, hedabidearen garapena laguntzeko, proiektua sustengatzen ahal duzu.

MEDIABASK eta KAZETA zure zerbitzura dira. Ez izan beldurrik, igor itzazu zure oharrak eta hausnarketak, gure eskaintza hobetzeko baliatuko ditugu.

Xoko huntatik, 2015 urte on eta eder bat opa dizugu.

Irakurketa on !

MEDIABASK-en zuzendaritza