KAZETA

Euskal Federazioa eta Aviron elgarrekin "Euskal Errugbia" sustatzeko

Euskal Federazioak eta Avironek hitzarmen bat izenpetu dute "Euskal Errugbia" marka berria plantan emaiteko. Donostian aurkeztu dute, abenduaren 23an, kolaborazioa bultzatuko duen akordioa. Elgarlana bai kirolaren arloan, baina baita ekonomikoan eta kulturalean ere.

Aurkezpenaren parte hartzaileak. Argazkia CANELLADA/ARGAZKI PRESS.
Aurkezpenaren parte hartzaileak. Argazkia CANELLADA/ARGAZKI PRESS.

Euskal errugbia sustatu eta hedatu. Hori da Aviron Bayonnais eta Euskal Federazioak izenpetu duten akordioaren helburua. Hortik abiatuta, Ipar Euskal Herria teknikoki buru izanen da eta Hego Euskal Herrikoak hedapenarako oinarri sakonago bat eskainiko du. Halaber, elgarlanari esker, identitate kulturala bultzatuko da eta gisa huntan, euskal marka errugbia ezagutarazteko tresna bilakatzea da xedea.

Helburuetara heltzeko, Baionako Aviron taldeak kirola bera eta horri lotutako baloreak sustatuko ditu Hego Euskal Herrian hainbat ekimenen bidez. Hain zuzen ere, Lapurdiko taldeko jokalariek eskolako kirol jardueretan parte hartuko dute, hainbat herritan hitzaldiak eskainiko dituzte edo entrenamenduak eginen dituzte.

Gisa berean, Avironeko teknikariek jokalarien eta entrenatzaileen formakuntzan parte hartuko dute eta xapelketa amankomunak antolatuko dituzte Euskal Federazioa eta Euskal Kostaldeko eta Landeseko batzordearen artean.

Manu Merin, Aviron Bayonnais taldeko lehendakariak adierazi du hemendik gutira elkartuko dela Athletic eta Bilboko herriko etxearekin Ipar Euskal Herriko taldeak San Mamesen partida bat jokatzeko, 2015-2016 denboraldian.

Halaber, aurkezpenean parte hartu dutenek parada baliatu dute errugbiko araudiaren euskarara egin den lehen itzulpena aurkezteko.