Ramon SOLA
Mahi-ingurua Hendaian

Bi etxeratze goxo, hamaika oztopo eta erronka handi bat irabazteko

Zur eta lur geratu zen Juanra Rojo, bizitza erdia kartzelan emanda ateratzeko ordua zuela esan ziotenean. Gustura zapaldu du berriz Bizkaia Jokin Etxebarriak, bi hamarkada kanpoan eta barruan igaro ostean. Bi lekukotasun goxo, baina oraindik «gu guztiontzako erronka handi bat», Joserra Trebiño apaizak nabarmendu zuenez.

Txingudin antolatu diren elkarbizitzari buruzko jardunaldiek Hendaian izan zuten bigarren hitzordua, ostegunean. Lehenengoan bi aldeetako indarkeriaren biktimak elkartu baziren, oraingoan espetxea eta erbestea jasan eta jasaten dutenei eskaini zieten arreta. Eta lekukotasun zuzena emateko, nor hobeto Juanra Rojo irundarra baino, bizitza erdia eman baitu barruan: 22 urte zituela sartu zuten preso eta 44 beteta atera zen kalera.

Hasieran vis a visik ere ez zela ekarri zuen gogora Rojok. «Hori bera, gutunak eta abar, egin genituen borroka ekimenen bidez lortu genituen». Kaleratzearen azalpena bereziki hunkigarria izan zen. «Parot doktrina» ezarri ziotenez, ez zekien noiz arte izango zuten gatibu: «Egun batean kartzeleroa patioan hurbildu eta joateko esan zidanean, burua hutsik geratu zitzaidan. Hor nituen lagunak hunkituta, ni gauzak poltsan ezin sartuz, kartzeleroak azkar joateko aginduz... Eta hortik hamar minutura kalean nengoen, gertatutakoa barneratzen ahalegintzen».

Gerokoa ez dela erraza erantsi zuen Rojok. «Badakizu gauzak aldatuak egongo direla, baina ohartzen zara errazena egiteko gai ez zarela: tabernan sartu eta kafe bat eskatu, trenean igo... dena lagunduta egin behar duzu. Euroak ez nituen ezagutzen, pezetak baizik. Ume txiki handi bat bezalakoa zara hasieran, egokitzeko denbora behar da».

Espetxeaz badaki Etxebarriak ere, bost urte barruan igaro zituelako, baina erbestearen lekukotasuna eman zuen bereziki. Egun batetik bestera «familia, neska laguna, lagunak...» utzi behar izatea zein gogorra den azaldu zuen. Hala ere, iheslariek beti «ate bat irekita» aurkitu dutela aitortu eta eskertu zuen: «Hor harreman oso gertuak eta sakonak gertatzen dira».

2004. urtean aske gelditu zen eta pasa den urteko maiatzean, Iheslari Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia dela-eta, Bizkaira itzuli da berriz, senideak eta lagunak ikustera.

Trabak eta aukerak

2011ko urrian abiatutako aro berriak ahalbidetu du bai bataren bai bestearen itzulera, baina bistan da betiko eta guztientzako konponbidea urrun dagoela oraindik. Etxebarriak berak nabarmendu zuen: «Oraindik gu harritzeko gaitasuna badute: hor dago Santi Arrozpiderekin egin dutena, Jorge Olaizena...» Adibide gehiago mahai gaineratu zituen, Hendaian bildutako 150 lagun ingururen aurrean: «Francoren garaietan ere ez zegoen honelako espetxealdi luzerik. Deportazioak urte gutxi batzuk iraungo zuela uste genuen, baina han daude oraindik lagun asko. Euroagindua frantses nazionalitatea duten pertsonei ere ezarri zaie...»

«Gu guztiok erronka handi bat dugu hemen, immobilismoa gainditzeko», adierazi zuen Joserra Trebiño apaiz aski ezagunak, hau ere solaskide. Presoen egoera da adierazgarri latzena, eta horretaz hitz egin zuen Miren Ilarreta abokatuak, azken asteotan galdera ugari baitago mahai gainean: EPPKren ekimena, PPk espetxealdiak luzatzeko helburuz europar irizpideen aurka burututako lege iruzurra, Estatu frantsesean dauden euskal presoak Estatu espainoleko espetxeetara aldatzeko asmoa... Ondorio orokor gisa, «Kolektiboaren gainean gero eta presio handiagoa eragin nahi dute», esan zuen Ilarretak, «baina hortik `birgizarteratzerik' ez datorrela» erantsi zuen. Baieztatu egin zuen Juanra Rojok: «Barruan nengoela tarteka etortzen ziren eta nik beti gauza bera esaten nien: inork ez du etxera joateko nik baino gogo handiagoa, baina militantzia, ardura eta koherentzia badut. Ideologia propioaz damutzeak ez du ezer konponduko».

Oztopoak ikaragarriak izanik ere, Euskal Herrian pilatutako elkartasun eta indarra ere ezin dira gutxietsi. Oraingo hierarkia kontrakoa bada ere (asko botatzen du faltan Setien eta Uriarte gotzainen eredua), Elizaren «oinarria» behar dutenei laguntzeko prest izan ohi dela ziurtatu zuen Trebiñok. Orain Caritasen dabil lanean eta hor garbi ikusten du: «Sufritzen dutenengandik oso gertu dago jendea. Gure elkartetik 400 lagun doaz espetxeetara». Etxebarriak oso kontuan hartzekoa deritzo iheslariek jasandako laguntza anitza. Eta Ilarretaren ustez, «sentsibilitate handiagoa» dago orain.