2016/07/07

Kronika
KULTURA AUTODETERMINATUKO BALITZ?
Politikaren bidez artea ekonomiaren zentrotik ateratzea, beste biderik ez

Gai zinez mamitsua, atzo, Baionan, UEUko «Eta kultura autodeterminatuko balitz?» ikastaroaren baitan Hedoi Etxartek azaldu zuena. Bere aburuz, «kapitalismoan artea beti merkatuen mendeko da».

Arantxa MANTEROLA
0707_kul_etxarte

Sistema kapitalistan artea beti merkatuaren mende izango da. Zenbat saldu, zenbat ikusle... hori da inportanteena.

“Kultura politikaren aurretik jarrik o bagenu?” galderaren ha ritik ekin zion idazle eta musikalari iruindarrak bere arrazoibideari, nahiz eta «kultura» hitza baino –«kultura gauza askoz zabalagoa delako»– sorkuntza diziplina anitzak barne biltzeko (poesia, musika, zinema, margolaritza...) «arte» hitza erabili zuen denbora osoan.

Karl Schlogel historialari alemaniarrak ‘Terror y Utopía’ liburuan erretratatuko 1937ko Moskuko gertakari batzuk adibide hartuta –jazz musikari lekua nola egin zioten edota nazioarteko lehiaketetan pianista edota biolinista sobietarrek sari entzutetsuak irabazi zituztenekoa–, Europa mendebaldean arrakasta hori azaltzeko hedatu zen hipotesia nabarmendu zuen.

Sobietar Batasunak halako musikariak ekoitzi bazituen alegia, «politika zentroan jarri zuelako izan zela, era horretan arteari ateak irekiz». Etxarteren ustez, hori da, hain zuzen, «kapitalismo errealaren eta sozialismo errealaren arteko desberdintasuna». Bigarrenak ez bezala, lehenak ekonomia jartzen du erdigunean eta horren gainean antolatzen du mundua, eta, hortaz, arteari dagokion esparrua ere bai.

Ideia nagusi hori barreiatu zuen bere mintzaldian zehar, baita artearen eta politikaren artean betidanik izandako harremanen talka esplikatzeko ere antzinako Grezia eta Erroman artea ikuspegi oso desberdinetatik garatu zela azaldu zuenean.

Are, gaur egun gainera, «kapitalismo erreala mundu guztira hedatua» dagoen uste osoa du eta Euskal Herrian bertan ere hala dela: «Egun ez dago inon artea politikaren zentroan dagoen gunerik, hemen ere artea ekonomian oinarrituta dago».

 

Artelana kezken isla

«Sistema kapitalista batean artea beti merkatuen mende» egongo dela berretsi zuen gero kazetarion galderei erantzunez: «Liburua edo diskoa zenbat salduko den, zenbat ikusle joango diren kontzertura, hori da inportantea eredu honetan. Aldiz, politikaren zentraltasunean jartzen bada, orduan arteaz hitz egin daiteke».

Horrenbestez, «artearen eztabaida ondo garatzeko, artistek gaur egun egin dezaketen onena da politikaren bidez artea ekonomiaren zentrotik kentzea». Hori bai, «politika zentzu oso zabalean ulertuta, eta ez soilik alderdi edota erakundeetan garatzen dena», argitu zuen.

Ikastaroko parte hartzaile batek halako ezintasun sentimendutik planteatutako «zer egin praktikan?» galderari horrela erantzun zion: «Nire ustez, artistak egin behar duena da ar telan onak egin. Gauza onak egingo dituzten artista horiek gainera, kezka ekonomikoak, politikoak edota ekologikoak eduki beharko lituzkete, eta horietatik abiatuz, ekarpenak egin beren publikoari munduaren pertzepzioan eta kontzepzioan gauzak beste modu batera ikustea ahalbidetzeko».