Eguraldia
Joxe Landaren iragarpena
Gaurko eguraldia

EURIA IZANGO DA PROTAGONISTA

Euritarako joera nabarmenduko da, batez ere ipar partean. Lainoak trinkotu eta euria barra-barra egun osoan, litro asko botaz. Tenperatura fresko samar egongo da, baina atzo baino zertxobait gorago. Haizea ipar-mendebaldetik joko du leun samar, baina tarteka ufadatxoak izango dira. Hegoaldean ziertzo haizeak giroa pixka bat petralduko du, baina ateri egongo da ostarteak nagusituz. Gutxi babestuko gaitu antizikloiak eta Europa aldeko kaskarkeriak harrapatuko gaitu.

Bihar

Atzoko euri giroaren jarraipena bete-betean. Goiz partean asko botako du eta arratsaldean gutxiago. Tenperatura beherantz abiatu eta mendi puntetan elurra botako du iluntzean. Isobarak pixka bat tentetuz, haizeak ipar ukitua hartu eta giroa petralduko du. Gaur ere ipar partea zigortuko du gehien, baina hegoaldera ere laino batzuk zabalduko dira eta hor ere ibai haizearekin petral antzean. Oraindik ez da Europa aldetiko eraso hau bukatuko. Eta adi, hozteko joerarekin.

Joxe Landa. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)