Kazeta

Poliziaren granadak eskua lehertu zion gaztearen auzia artxibatu dute

Jatorriz baionarra den Antoine Boudinetek ezarritako salaketa bertan behera uztea erabaki zuen irailaren 19an Bordeleko prokuradoreak. Iazko abenduaren 8an Bordelen iragandako manifestazio batean poliziak jaurtiriko GLI-F4 granada bat eskuartean lehertu eta eskurik gabe gelditu zen.

Lola Villabriga biarriztarra y Antoine Boudinet baionarra, poliziak larriki zauritatuko bi gazteak. (Guillaume FAUVEAU)
Lola Villabriga biarriztarra y Antoine Boudinet baionarra, poliziak larriki zauritatuko bi gazteak. (Guillaume FAUVEAU)

Tiroa bota zuen polizia ezin izan dutelako identifikatu artxibatu dute Antoine Boudinetek Christophe Castaner Barne Ministroaren eta Girondako prefetaren kontra ezarri zuen salaketa. Jatorriz Baionakoa eta Bordelen bizi den gaztea hiri horretan klimaren aldeko manifestazio batean ari zen parte hartzen iazko abenduaren 8an eta txaleko horien mobilizazioarekin bat egin ondotik, poliziak jaurtiriko granada bat heldu zen bere oinetara. Handik urruntzeko eskuekin hartu eta eskua moztu zion arma suntsitzaile horrek.

Antoine Boudinetek erabakia "ulertezina" dela erran bazuen ere, ez duela harritzen ere gaineratu zuen, ez baitzuen espero Barne Ministroaren menpe den poliziak ikerketa eginen zuenik. Jean-François Blanco gaztearen abokatuak, bere aldetik, "onartezintzat eta hutsegitetzat" hartu du Bordeleko prokuradorearen deliberoa.

Auzia artxibatu ondotik, justizia lortu arte ez duela amore emanen erran zion Boudinetek Naiz atariari. Gisa horretan, bide judizialean urrats berria eginen du bere abokatuak, hastapenetik xerkatu duten bide penalari ekiteko. Auzia instrukzio epaile baten eskuetan uztea dute helburu eta Bordeleko Dei Auzitegiko prokuradore nagusira joko dute.