Kazeta

Udalbiltzak bere zuzendaritza eta lehendakaritza berrituko ditu azaroan

Euskal erakunde publiko nazionalak hogei urte eginen ditu sortu zenetik eta mila hautetsiren atxikimendua biltzeko kanpaina abiatu du azaroaren 16an Durangon ospatuko den Batzar Orokorrari begira. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako azken herri hauteskundeen ondotik, “aurrera urratsak emateko abagunea ireki” dela uste du Udalbiltzak.

Udalbiltzako kideak eta kide historikoak, irailaren 18an Donostian egindako agerraldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Udalbiltzako kideak eta kide historikoak, irailaren 18an Donostian egindako agerraldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Eraberritzeko eta funtzioak berrikusteko gogoekin heldu da Udalbiltza 2019ko sartzera, hainbat proiektu loratze bidean direlarik. Irudi berria ere garatu du erakundearen eraberritzea islatzeko, era berean aurreko hamarkadetako jarduna bere eginez, NAIZ-eko artikuluak jasotzen duenez.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan zenbait esparru estrategikotan eragiteko beharra nabarmendu zen: turismoan, burujabetzan, nazio identitatean, elkarlanean… eta horietarik abiatu dira egun esku artean dituzten proiektuak.

Proiektu berriak

Proiektu berrietako bat Lurgida da. Laster smartphonetan eta web ingurunean baliatzen ahalko den APP turistikoa da. Bertan, “gure herria berrezagutzeko beste modu bat proposatuko dugu. Euskal Herriko ondare immateriala, hainbat ibilbide miragarri eta autokarabana zein kanperrak pausatzen uzten dituzten etxaldeak bildu ditugu, lau hizkuntzatan”, azaldu dute Udalbiltzako kideek irailaren 18an Donostiako Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean.

Ikerbiltza programaren berri ere eman dute. “Bertan, Euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutzaren bidez, Euskal Herriko herrien garapena sustatzen da, elikadura nahiz energia burujabetzaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen ikuspegitik”.

Bestetik, udal eta herri ekinbideetatik sortzen diren proiektu arrakastatsu, eraldatzaile, eramangarri eta aurrerakoiak saretzeko eta ezagutzera emateko, Hartu-Eman esperientzien bankua sortu du Udalbiltzak, web atarian ikusgai dagoena.

“Udalerrien arteko senidetzeek Euskal Herriaren kohesioa bultzatzeko potentziala dutela sinesten dugu. Horregatik, udalerrien arteko senidetze proiektuak aurrera eramateko udalei edota eragileei laguntza teknikoa, juridikoa eta finantzarioa eskaintzeko sortu zen 2002an Hurbiltzen programa”, agertu dute.

Azkenik, proiektu guztien artean ikusmin gehien pizten duen EHNA berrabiatzeko lanetan dabiltza. “Euskal Herriko Nortasun Adierazpenaren balio sinboliko indartsuaz harago, ohartzen gara jendearengan zeinen garrantzitsua den nazio identitatea indartzen eta gure lurraldeen batasuna aldarrikatzen duen ekinbide honen beharra”, erran dute.

Mila hautetsi lortzeko erronka

Ez da lan makala aitzinean dutena. Hori dela eta, mila hautetsiren atxikimendua lortzeko erronka hartu du Udalbiltzak, bakoitzak bere esparrutik, bakoitzak bere gogoetatik, garatuko diren proiektuetan, nahiz etorriko diren ekinbideen garapenean ere parte hartzeko. Une honetan, 600 hautetsi dira atxiki direnak, eta milakora iristeko lan egiten jarraituko dute.

Ekainaren 15etik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko udaletan kargu hartutako hautetsiei deia luzatu diete Udalbiltzara atxiki daitezen, 2019-2023 legegintzaldian Euskal Herri mailako lankidetza bultzatzeko.