Kazeta

Baiona Berdea eta Elkarkidea, hauteskundeetarako eskaintza berritzailea

2020ko martxoan eginen diren hauteskundeetan zerrenda proiektua presentatu dute abertzale, ekologista eta ezkerreko herritarrek Baionan. Sustatzaileek irailaren 26ko lehen biltzarrean parte hartzeko deia luzatu diete osatu duten kartarekin bat egiten duten herritar guziei. EH Bai, Europe Ecologie, Bayonne Gorriak Insoumise (FI) eta Ensemble alderdien babesa jaso du desmartxa berriak.

Orain arte metatu gabeko indarrak batzea jadaneko lorpen garrantzitsua da Baiona Berdea eta Elkarkideko kideentzat.  © Guillaume FAUVEAU
Orain arte metatu gabeko indarrak batzea jadaneko lorpen garrantzitsua da Baiona Berdea eta Elkarkideko kideentzat. © Guillaume FAUVEAU

Frantziar Estatuan ezkerreko indarrak zatiturik eta arraberritzeko zailtasunetan diren testuinguru batean, ezohiko irudia eskaini zuten atzo, irailaren 19an, Baionan ezagutzera eman zuten dinamika herritarraren presentazioan. Martxoan eginen diren herri eta Elkargorako bozetarako Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrenda proiektuaren berri eman zuten.

EH Bai, Europe Ecologie Pays Basque, France Gorriak Insoumise (FI) eta Ensemble mugimendu politikoetako kideez gain, horietan egituraturik ez diren pertsonak izan ziren. Izan ere, elkartean indibidualki parte hartuko du jendeak, ez alderdi edo bestelako eragileren baten izenean. Hori dela eta, aurkezturiko kartarekin bat egiten duten baionar guziei irailaren 26an ospatuko den lehen biltzarrean parte hartzeko deia luzatu zieten. Hitzordua 18:30ean emana da Baionako Albizia gelan.

"Zutabe nagusia elkartea da", baieztatu zuen Danièle sindikalistak. Elkartearen dinamikan, erabakiak bazkideek hartuko dituzte eta ez alderdi politikoek, horretarako biltzarrak erregularki antolatuz. Urrirako aurreikusten duten zerrenda osatzeko ere arau hori segituko dute. "Ez dugu alderdien artean negoziatu, konfiantza kontu bat da", erran zuen Sophie Buissière Europe Ecologie Berdeetako idazkariak. Jean-Claude Iriart Baiona 2014 elkarteko hautetsi abertzalearen iritziz mezua indartsua da, bere erranetan "alderdiekiko mesfidati diren herritarrek beren lekua aurkitzeko parada ematen baitu".

Harreman dinamika zabalaren emaitza

Iriart berak azken hilabeteetan eragile ezberdinen artean izandako harremanak azaldu zituen, ekimena hartzeko urratsa Baiona 2020k hartu baitzuen. Gogora ekarri zuenez, 2014ko hauteskundeetako bigarren itzulian, orduan Front de Gauche izena zuen taldearekin bat egin eta sei urteko mandatuan elkarrekin aritu izan dira bi alderdiak.

Beraz, ez da hain konplikatua izan egungo Ensemble nahiz France Insoumise eta Baiona 2020 taldeen arteko adostasuna. Anartean, Bihar Baionarekin ere bilkurak izan dira baina talde honek errefusatu egin du zerrenda bateratua aurkezteko aukeran murgiltzea. Aldiz, Europe Ecologie Berdeak hastapenetik ukan du indarrak metatzeko borondatea. Dokumentu komun bat sortu dute uda intentsu baten ondotik eta hautetsiak erran zuenez, "elkarlana guretzat ez da diskurtso bat, benetako engaiamendu bat baizik". Bestetik, Henri Etcheto buru duen Ville Ouverte taldearekin ez dute harremanik ukan. 

Urgentzia klimatikoa eta soziala

Jatorri ideologiko, politiko nahiz sozial ezberdinetako baionarrak biltzeko xedea duen ekimen berriak, zazpi ildo eta ibilmolde bat finkatzen dituen karta osatu du. Ezkerreko balore eta edukiak biltzen ditu, eta baita Euskal Herrian funtsezkoak diren gaiak ere, hala nola, euskararen sustapena, bake prozesuarekiko sustengua eta estatutu bereziko Lurralde Elkargoaren sorrera.

Alta, larrialdi klimatikoa azpimarratu nahi izan zuten Baionan egindako prentsaurrekoan. Ekologia Baionako eta Elkargoko politika guzietan integratzea nahi dute, beroketa klimatikoari aurre egitearen premia ikusirik. Bruno Floquet Séqué eko-auzoko biztanleak ez du nahi bere bi haurrek deus ez egin izana leporatzea. Elkarteen munduan integraturik, lehen aldia da hauteskunde batzuetarako engaiatuko dena.

Krisi soziala ere presente izan zuten eta kartak desberdintasunak murriztea, justizia sozialaren aldeko politikak garatzea eta zerbitzu publikoak zaintzea jarri dute lehentasuntzat. Diskriminazioa borrokatu behar dela uste dute Baiona Berdea eta Elkarkideko kideek eta migratzaileei harrera duina eskaintzearen garrantzia ere jaso dute oinarri gisa.