Kazeta

Altsasuko gazteak justiziaren zain

Madrilgo Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertu zuen Audientzia Nazionalak Altsasuko gazteen kontra ezarritako kondenari defentsak aurkezturiko helegitea. Justizia galdegin zuten defentsako abokatuek, akusazioak Guardia Zibila goratu zuen bitartean.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatu zuten asteartean. @ Guillaume FAUVEAU
Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatu zuten asteartean. @ Guillaume FAUVEAU

Justiziazko sententziaren zain dira Altsasuko gazteak, haien hurbilekoak eta oro har euskal herritarren gehiengo zabal bat. Izan ere, auziaren borroka judizialaren azken etapa izan da irailaren 18an Madrilgo Auzitegi Gorenean iragandakoa. Guardia Zibilekin eta haien bikotekideekin ostatu batean izandako kalapiten ondorioz kondenaturiko gazteen defentsak Audientzia Nazionalak gazteei ezarritako kartzela zigorrari helegitea jarri zion, absoluzioa galdeginez.

Akusazioak ez zion Audientzia Nazionalaren azken epaiari helegiterik jarri, gisa honetan berriz "terrorismoagatik" zigortuak izateko atea hetsirik gelditu zelarik. Baina Auzitegi Goreneko saiorako defentsak aurkezturiko helegitea inpugnatzea erabaki zuen eta argudioak presentatu behar izan zituzten, gazteen abokatuek egin zuten gisa berean.

Sententzia irmorik gabe, Auzitegi Goreneko auzi-saio egunean Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Oihan Arnanz gazteek presondegian 1.039 egun zituzten eginak, Joan Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizolak 505 zeramatzaten bitartean.

Frogarik gabeko prozesua

Altsasuko gazteen abokatuek epaimahaiaren aitzinean nabarmendu zutenez, haien bezeroen kontrako auzia Guardia Zibilak gidatu du, frogarik gabe eta neurrigabeko zigorrekin. Erraterako, "ikerketa partziala" izan dela salatu zuten, indar militarra ikertzaile eta biktima paperean nahasterakoan, baina Audientzia Nazionalak berak "babesgabetasuna" sortu duela nabarmendu zuten, Guardia Zibilaren kontakizun osoa onartu eta defentsak presentaturiko frogak errefusatu zituelako.

Gertaeren identifikaziorako zorroztasun eza ere mahai gaineratu zuten, banan bana haien bezeroek Koxka ostatuko tirabiretan parte hartu zuteneko "frogak" desmuntatuz. Audientzia Nazionaleko auzitegian zigortu zituen Concepción Espejel presidentearen inhabilitazioaren gaia ere planteatu zuten, Guardia Zibil batekin ezkondua baita eta indar armatuak berak kondekoratu zuelako. Osagai horiekin, partzialtasun eza argudiatu zuten.

Prokuradoreak Guardia Zibilari gorazarre

Defentsak bi oreneko azalpenak eman ondotik, prokuradorea labur baina gogor aritu zen zigorra mantentzeko xedez. Lehenik gazteak zalantzarik gabe identifikatu zituztela adierazi eta Guardia Zibilaren alde mintzatu zen segidan: "Estatuko instituzio bat da, Espainia, Erregea eta Konstituzioarekiko leiala". Ildo horretan, auzitegiaren betebeharra lekuko batzuei balio gehiago eta besteei gutiago ematea dela erran zuen.

Akusazio partikularrak, Guardia Zibilen Elkarteak eta Covitek bere egin zituzten argudio horiek, bereziki babesgabetasuna ukatuz.

Sententziaren zain

Atzoko saioa aitzin, hastapeneko kondenak berretsi zituen Audientzia Nazionalak: 13 urteko kartzela zigorra Arnanzentzat, 12koa Unamuno eta Ramirez de Aldarentzat, bederatzikoa Cob, Goikoetxea eta Urrizolarentzat eta bi urtekoa Ainhara Urkijorentzat. Azken hau da denbora honetan zehar presondegira sartu ez duten gazte bakarra. Iñaki Abaden kasuan, hiru urte murriztu zizkioten. 

Gauzak horrela, gazteentzat zinez erabakigarria izanen den Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dira aldeak. Kartzela zigorrak mantenduko balira, Europa mailako erabaki batek ez luke eraginik izanen, urteak iraganen liratekeelako. Tartean Auzitegi Konstituzionalaren posibilitatea geldituko litzateke, zeinak afera eskubideen ikuspegitik aztertzen duen, gertaerak berrikusi gabe.

Erabakiaren datarik jakiten ez bada ere, epaileen deliberoa fite helduko dela diote iturri batzuk, baina berez defentsaren argudioek gutieneko azterketa eskatuko lukete.

Babesa Europan eta Madrilen

Auzitegira sartu aitzin, Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amak erran zuenez, "itxaropena da hiru urtetan zutik mantendu gaituena" eta orain ere horri lotzen dira. "Gure itxaropena sufrimendu hau bukatzea da. Borondatea baldin bada, hori horrela izateko aukerak daude", azaldu zuen kazetarien aitzinean.

Ateratzean, gazteen burasoek adierazi zuten "gaur goizeko Auzitegi Goreneko saioa zentzugabekeria juridiko eta eskubide urraketa hauen bukaera" izatea espero dutela. Xede horrekin izan dira azken egunetan Europan. Hainbat talderen babesa errezibitu zuten eta lehen aldiz europar legebiltzarraren osoko bilkuran aztertu zen auzia. Madrilgo kongresuan ere izan ziren, EAJ, EH Bildu, ERC, PDcat, Compromis eta Unidas Podemos alderdien babesa jasoz.