Kazeta

Xilaba asteburuan hasiko da Lapurdin

2019ko Xilaba bertsolari txapelketari hastapena emanen dioten bi bertso saioak Itsasun eta Hazparnen iraganen dira ostiralean eta larunbatean.

Iazko Xilaba txapelketa Mattinsalto taldeak irabazi zuen. © Isabelle Miquelestorena
Iazko Xilaba txapelketa Mattinsalto taldeak irabazi zuen. © Isabelle Miquelestorena

Itsasun irailaren 20an eginen den saioak emanen dio hastapena aurtengo Xilaba bertsolari txapelketari. Iaz bezala, aurten ere Bertsularien Lagunak elkarteak taldekako formula hautatu du eta orotara bederatzi taldetan banaturiko 34 bertsolarik parte hartuko dute. Bertsotan aritzeaz batera, bertsolariek haien tokiko saioak antolatuko dituzte, beste ligaxkako saioetan epaile papera bete eta baita gaiak prestatu ere.

Ostiraleko saioa Itsasuko Goxoki gaztetxean izanen da, arratseko 20.00etatik landa. Elixabet Etxandi, Lur Renteria, Maddi Sarasua, Hodei Renteria eta Leire Laskarai bertsolariek osaturiko "Hasta la 2toria" etxeko taldeak Ekaitza Irastorza, Aitor Servier eta Xumai Muruaren "Ekainaz" errezibituko du, pintxo dastaketa artean.

Biharamunean berriz, Hazparneko Bob’s beer garagarnotegiak 19.00etan hartuko du etxean arituko den "Ezkorbrutak" eta bisitari gisa joanen den "Eskukula" taldeen arteko bertso lehia. Hurrenez hurren Mizel Mateo, Patxi Iriart, Karlos Aizpurua eta Gillen Hiribarrenek eta Pettan Brebende, Bittor Thicoipe eta Ramuntxo Christyk osatzen dituzte bi talde hauek.