Kazeta

Orbel taldearen lehen diskoak argia ikusiko du

Laukote baionarrak “Hegan” lehen lan luzea aurkeztuko du heldu den irailaren 19an Biarritzen. Aurrerapen gisa, “Etxe herdoilduak” kanta ezagutarazi du.

Orbel laukote baionarraren argazki berezia. © Justine Mothe
Orbel laukote baionarraren argazki berezia. © Justine Mothe

“Ozeano beltzaren eta eguzki distiratsuaren arteko etzalekua. Orbel ortzi-muga hura da. Orbelek kontrastea sortzen du”, hala aurkezten du Baionako musika taldeak bere burua. Irailaren 19an zortzi kantuz osaturiko “Hegan” izeneko lehen disko luzea eskuragarri izanen da. "Etxe herdoilduak" kanta argitaratu du taldeak aurrerapen gisa.

Egun horretan eginen dute diskoaren zuzeneko aurkezpena, Biarritzeko Atabal aretoan. Gold punk-rock eta post-metal taldearekin batera joko dute baionarrek arratseko 21:00etatik landa.

Taldearentzat aitzin urrats garrantzitsua da honakoa, 2018an lau kantuz osaturiko Beyond There disko laburra argitaratu ondotik. “Hegan” lan berrian teklatuen tentsioa eta gitarren laztasuna mantendu dituzte, baina arrasto pertsonalagoa utziz, batez ere euskarazko hitzak sartu dituztelako kantuetan.