Kazeta

Biarritzeko azken herri kontseilua irain artean pasa da

Bere mikrofonoa pizturik zela ohartu gabe, Guy Lafite Biarritzeko lehen axuantak herri kontseiluaren bukaeran François Amigorena oposizioko hautetsia iraindu zuen.

Azken hilabeteetan, gai batengatik ez bada besteagatik, Biarritzeko herri kontseiluan tentsioak iragaten ari dira, uztailaren 17 honetan egin berri dena bezalaxe. Bistan denez, herri hauteskundeetarako lasterketa hasia da eta bi orenetako debatean irainak ere izan ziren.

Villa Sionen aferan, Edouard Chazouillères oposizioko hautetsiak proposaturiko deliberazioa ez zuela bozkatuko erran zuen. “Apirilaren 10etik ez dut ulertu villa Sion edo nahasmenaren villa proiektua”. Michel Veunac auzapezak ere ironia erabili zuen erantzuteko: “Gure proiektuaren aitzinamendua ezin dugu ulertzeko behar duzun denborarekin parekatu”. Hervé Boissierrek eraso honen aitzinean protesta egin zuen. “Auzapez jauna, debatea lasaitzen ez duten aipamen hauen kontra protesta egiten dut. Har ezazu nire protestaren oharra”, adierazi zuen, Veunacek irri egiten zuen bitartean.

Bilkuraren bukaeran, MEDIABASKek beste pasarte bat hartu zuen. Oposizioko hautetsia den François Amigorenak Michel Veunaci herri hauteskundeei buruz egindako telefono zundaketa bati buruz galdegin zion. Herriko Etxeak diruztatu ote duen jakin nahi zuen.

Zundaketa nondik heldu zen argitu gabe, Biarritzeko auzapezak erantzun zion Herriko Etxeak ez duela zentimo bakar bat ere jarriko heldu diren herri hauteskundeetarako. Eta hala bukatu zen herri kontseilua.

Memento horretan (ikus bideoa, frantsesez), mikrofonoa pizturik zegoela ohartu gabe, Guy Lafite lehen axuanta Amigori buruz honakoa erran zuen: “Zinez astapito bat da!”. Badirudi Biarritzen herri hauteskundeak irain eta tentsio artean pasako direla.