Kazeta

Hiri saihesbidea: prezio berrietarako baldintzak

Euskal Elkargoak eta Vinci-autoroutes kudeatzaile pribatuak ekainaren hondarrean A63 eta A64 autobideak erabiltzen dituzten auto-gidarientzat prezioaren %50eko apaltzea iragarri zuten. Haatik, abantailazko prezio berriek erabiltzaileengan zalantzak sortu dituzte.

Prezio berriak ez dira Vinci Océan formulan metatuko. DR
Prezio berriak ez dira Vinci Océan formulan metatuko. DR

Urriaren 1ean abian jarritako abonamendu sistema berriari esker, Landetako Ondresetik Biriaturaino doan errepidea hiri saihesbidean bilakatuko da. Helburu nagusia Departamenduko eta kostalde errepide sarea libratzea bada ere, erabiltzaileek %50eko apaltzea izanen dute. Alta, auto-gidari ainitz dispositibo hau erabiltzeko zalantzan da.

Samuel Au-Duong Vinci-autoroutes kudeatzaile pribatuko komunikazio arduradunak txartel berriaren baldintzak azaldu ditu: “Hilabetean 20 bidaia dira, edo gutxienez 10 joan-jin”. Bere lanera astean bostetan mugitu behar den pertsona batek teorian bi astetan lortuko luke gutxieneko muga hori gainditzea.

Abonatzeko mementoan, bezero bakoitzak bere ibilbidea zehaztu beharko du, sartu-irtenak egiten dituen bidesariak ezagutaraziz. Abantailazko prezioaren perimetroak A63an Ondres eta Biriatu arteko zatia eta A64an Gixune eta Paue artekoa hartuko ditu kontuan. Aukeran, bi frogagiri ere galdegingo zaizkie gidariei: Euskal Elkargoaren barnean bizi diren pertsonei bizilekuaren agiria edo bertan bizi ez baina lan egiten dutenei nagusiaren ziurtagiria. Beraz, erraterako Baionan lan egiten duen mugaz bestaldeko langile batek abonamenduaren onurak jaso ahalko ditu.

Bidesarietako apaltzea batez ere etxetik lanerako bidaietan aplikatuko da, baina beste erabilpen batzuk ere abonamenduan sartuko dira, beti ere errepide zati berdinean baldin bada. Abonamendua asteko zazpi egunetarako egiten ahalko da eta prezio apaltzea asteburuetan eta aisialdietan ere baliatu ahalko da. Baina kasu, pase berria ez da egungo Vinci Océan formulan metatuko, zeinarekin egun auto-gidariek A63an %30eko deskontua baitute. Elkargoaren eskaintza berriaren onuradun izan nahi duenak, lehen eskaintza hori ezeztatu beharko du.

Samuel Au-Duongek errandakoaren arabera, dispositibo berriarekin urtebeteko froga eginen dute. Epe horren bukaeran, Vincik eta Mugikortasun Sindikatuak bilan orokor bat eginen dute prezio berri hauekin segitu edo ez erabakitzeko.