Kazeta

Hiru euskal herritarrek Frantziako ohorezko legioa jaso dute

Jean-Jacques Lasserre, Colette Capdevielle eta Aña-Mari Mendibourek Frantziako Errepublikaren egunean jaso zuten estatu horrek ematen duen saririk handiena.

Etxarriko gazteluaren salmenateren aferan Aña-Mari Mendibourek Etxarri Kolektiboa defendatu zuen. © Isabelle Miquelestorena
Etxarriko gazteluaren salmenateren aferan Aña-Mari Mendibourek Etxarri Kolektiboa defendatu zuen. © Isabelle Miquelestorena

Uztailaren 14a Frantziar Errepublikaren eguna dela baliatuz, 423 pertsonek ohorezko legioa izeneko saria jaso zuten. Horien artean politikariak, erresistentzian borrokatu izan zirenak edota Estrasburgon izandako erasoetan nabarmendutakoak daude. Ipar Euskal Herriko hiru pertsonei ere eman zieten sari hori: Jean-Jacques Lasserre Departamenduko Kontseiluko presidenteari, Aña-Mari Mendiboure Baionako abokatuen kolegioko kideari eta buru izandakoari eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Pirinio Atlantikoetako diputatu ohiari.

Thomas Pesquet astronauta, Jean-Paul Belmondo, Costa-Gravas zuzendaria edo Jean-Michel Jarre ere izan ziren saridunen artean. Pertsona ezagun hauez gain, hiru euskal herritarrak ohorezko legioko zaldun maila igoak izan dira.  

Bidaxuneko laborarien semea, Jean-Jacques Lasserre 57 urteko zerbitzua emateagatik kondekoratu zuten. Aña-Mari Mendiboure eta Colette Capdevielle, biak ala biak abokatuak dira Baionako kolegioan. Mendiboure lan eskubideetan eta abokatuen elkarteko buru izateagatik nabarmendu izan da. Capdevielle egun oposizioko hautetsia da Baionako Herriko Etxean.

Ohorezko legioa delakoa, Frantziar Estatuan banatzen den ikur nagusiena da eta baita munduko ezagunenetakoa ere. Bi mendetan zehar, merezimenduak izan dituzten herritar frantsesak gisa honetan sariztatu izan dituzte, estatuburua izanik horren ardura duena.