Kazeta

EELV, France Insoumise eta Baiona 2020 hauteskunde akordioaren atarian

2020ko herri hauteskundeen lehen itzulian gutxienez ezkerreko hiru zerrenda presentatuko dira Baionan. Baiona 2020 elkartea indarrak metatzen entseatzen ari da eta Europe Ecologie Les Verts eta France Insoumisekin akordioa egiteko aukera gero eta hurbilago dagoela dirudi.

Aitzineko hauteskundeetan Baiona 2014 eta Front de Gauche taldeek bigarren itzulian egin zuten akordioa.
Aitzineko hauteskundeetan Baiona 2014 eta Front de Gauche taldeek bigarren itzulian egin zuten akordioa.

Herri hauteskundeen lehen itzulian gutxienez ezkerreko hiru zerrenda presentatuko dira: 2014an bozka gutirengatik garaipena lortu ez zuen Henry Etcheto buru duen Bayonne Ville Ouverte zerrenda sozialista; 2014an bigarren itzulian France Insoumisekin akordioa egin eta bi hautetsi lortu zituen Baiona 2020; eta Etchetoren zerrendatik atera zen eta lehen itzulian bakarrik presentatuko den Demain Bayonne-Bihar Baionaren zerrenda.

Bihar Baionaren ezetza zerrenda bateratuari

Lehen itzulian ez da ezkerraren bategiterik izanen, aldiz, Jean-Claude Iriart buru duen Baiona 2020 maiatzean Bihar Baionarengana hurbildu zen elkarrekin dinamika bat sortu eta programa bat osatzeko. Egindako bi bilkurak maiatzaren 29an eta ekainaren 20an iragan ziren, Baionako Herriko Etxean France Insoumisekin elkarlanean ari diren Baiona 2020ko ordezkarien eta Bihar Baionako bost kideren artean, hain zuzen.

Bilkura hauen ondotik, Bihar Baionako arduradunek mugimenduaren bilkura bat egin zuten ekainaren 26an eta bertan kide guziak gomitatuak izan ziren zerrenda bateratu baten inguruko argudioak eta iritziak emateko. Eztabaida bizia sortu duen gaia izan da, haietariko ainitzek Baiona 2020k egindako proposamenari baiezkoa emateko beharra defendatu baitzuten. Taldeko koordinatzailea den David Ospitalek bilkura honen helburua baieztatu du: “asmoa bakoitzaren argumentuak jasotzea zen, finkaturiko prozedura baten baitan. Kontua ez zen aldeko edo kontrakoen kontaketa bat egitea, guzien argudioak ziren kontuan hartu beharrekoak, ez kopuruak”. Bihar Baionaren talde motorra izan da Baiona 2020rekin gogoeta bat segitu eta zerrenda bat osatzea errefusatu duena. “Onespen prozesu erabakitzaile baten ondotik”, dio koordinatzaileak. “Hastapenean iritziak ezberdinak izaten ahal baziren ere, argudioz argudio joan gara guziak azken erabakiarekin ados egon ahal izateko”.

Bihar Baionaren estrategia lehen itzulian bakarrik aurkeztea da, bigarren itzulian ezkerreko indarrekin hobeki elkar topatzeko, betiere indar harremanean buruan nor denaren arabera. Bigarren itzuli bat izanen dela aurreikusiz, noski. David Ospitalek baieztatu egin du: “Baiona 2020ren balore berdinak partekatzen ditugu. Talde motorrean aho batez harturiko erabakia bi arrazoik justifikatzen dute: lehenik, ezin dugulako hori egin, ezin baitugu jadaneko antolaturik den talde edo alderdi politiko batekin bat egin. Gure ikuspegia ezberdina da. Bigarrenik, bigarren itzulian ezkerreko indarren metaketarako estrategia bat delako”. Haien proposamena azaldu du segidan: “egungo ibilmoldea ezingo dugu aldatu, gure ibilmoldearekin bat ez datozen erabaki prozesuak eta hierarkiak dituzten talde antolatu edo alderdi politikoekin bat eginez gero. France Insoumisek EELVrekin eta Baiona 2020rekin akordioa egiteko maila nazionaleko onespenaren zain egotea ez da demokraziarekiko dudan ikuspegia. Tokikoek erabaki behar dute Euskal Herrian, ez nazionalean”.

Indar metaketa berritzailea ikusmiran

Jean-Claude Iriart Baiona 2014ren hautetsiak oroitarazi duenez, “Baiona 2020 elkarte gisa dago antolaturik, eta kideak indibidualki atxikitzen dira, alderdi batekoak izan edo ez. 2018ko azaroan 2020ra begira egindako kartak argi azaltzen zuen taldea beste ekimen munizipalekin edo mugimendu politikoekin harremanak ukaiteko idekia zela”. Gaineratu duenez, “Bihar Baionarekin elkarrizketarako proposamenak posizio hori berresten zuen eta lehen itzulian, hiri eta Euskal Herri eskalako proiektuak erdigunean jartzeko indar guzien metaketan oinarritu zen. Euskara, elkartasuna, trantsizio energetikoa eta herritarren parte hartzea.” MEDIABASKek jakin duenez, elkarrizketen desmartxa hau eztabaidatzeko, elkarteak bere kideekin uztailaren 6an egin zuen Biltzar Nagusia.

Bestalde, azken hauteskunde europarretako emaitzek hauspoturik (2. indarra Baionan), Sophie Bussière eta Jean Lissar Euskal Herriko Europe Ecologie Les Verts (EELV) taldeko buruak ere Bihar Baionako kideekin elkartzen entseatu ziren uztailaren hastapenean. Alferrik izan zen. Elkarrizketa soila errefusatzeko arrazoietan, Bihar Baionak adierazi zien beren taldeak ez zuela alderdi politiko antolatuekin neholako aliantzarik nahi, herritarren dinamika bat lehenestea baizik. Sophie Bussièreren arabera, “herritarren engaiamendua eta alderdi politikoak elkarren kontra jartzeari utzi behar diogu. Gogoeta hauek alderdi politikoen ukatzean oinarritzen dira, hauek demokraziarako tresna bat direnean. Alderdien ukazio hau lanjerosa da”.

Henry Etcheto sozialistarekin batera aritu diren aliatuek bakarrik presentatzeko hartu erabakiaren aitzinean, Baiona 2020, France Insoumise eta EELV taldeek programa bat osatzeko eta hiruen artean ibilmolde bat finkatzeko elkarrizketetan segitzen dute. Elkarrizketa hauek portu onera iritsiz gero, bertatik sortzen ahal diren dinamikek ikuspegi berritzaile bat ekar lezakete, mugimendu politikoetako kideak eta ez direnak batuz. Baionan gutxietsi beharko ez litzatekeen indar bat ordezkatzen ahalko lukete. Aste honetan laugarren bilkura egitekoak dira eta 2020ko martxoan hiru indarrak elkarrekin aurkeztea aukera erreal bat da, Bussière ekologistak baieztatu duenez: “Balore herritarrekin, ekologistekin eta elkartasunarekin lehen itzulian elkarrekin joan behar dugu. Balore hauek gauden mugimenduen artean partekatuak dira. Bide egokian gara, programaz eztabaidak ditugu. Sartze politikorako prest izatea da xedea”.

Sozialistak eta zentro-eskuina

Bere aldetik, Bergérekin zatitu ondotik, Henry Etchetok eta berarekin jarraitu zuten gainerateko sozialistek eta komunistek lehen itzulian haien kasa aurkezteko dinamikarekin segitzen dute. Ez daude prest lehen itzulian Baionako ezkerreko beste indarrekin zerrenda bateratua egiteko. Edozein gisaz, sektore honek azken legealdian mantendu dituen posizio jakobinoak ikusirik (horien artean Euskal Elkargoarekiko) ez ditu hiru indarrak haiekin lehen itzulian akordio bat egitera bultzatu.

Lehen itzulian ezkerreko hiru zerrenda presentatuko balira, posible da ezkerreko hautesleek proposatuko zaiena ez ulertzea, nahiz eta ezkerreko indarren “aniztasuna” ez den berria ez Baionan ezta hortik kanpo ere. Bestetik, Jean-René Etchegarayk 2015eko agertokia ekidin du bere etorkizuneko zerrendan Sylvie Durrutyren tendentzia eta bere kide eskuindarrak sartu ondotik. Rassemblement Nationalen balizko zerrenda batek bere itxaropenak baldintzatzen ahal ditu, baina eskuin muturrak erdia emazteak izan behar dituen 45 hautagaien zerrenda osatzeko zailtasunak izan ditzake. Ezin ahaztu ere Loïc Corrégék Baionan jokatu nahi duen papera. Izaten ahal da autonomoki lehen itzulian presentatzea edo Jean-René Etchegarayren zerrendan Macronen aldekoenak diren hautagaiak integratuz.