Kazeta

Pausa harrera gunea: Etchegaray Estatuaren inplikazioaren bila

Frantziako Estatu Kontseiluaren ordenantza batean oinarriturik, Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak migranteei harrera egiteko hirian kokatua den Pausa gunerako Frantziar Estatuaren diru-laguntza galdeginen du.

Orotara, Baionako Pausan 6.400 migranteri egin diete harrera. ©Guillaume FAUVEAU
Orotara, Baionako Pausan 6.400 migranteri egin diete harrera. ©Guillaume FAUVEAU

“Autoritateen ardura da (...) pertsona guziei tratu anker edo umiliagarria ez pairatzeko eskubidea bermatzea”. Hala ageri da Frantziako Estatu Kontseiluak Grande-Synthe herrian biltzen diren bederatzi elkarteren idazkiaren ondoko ordenantza batean. Elkarte hauek Estatuaren “ekintza eza eta migranteen oinarrizko eskubideen bortxaketa” deitoratu zituzten.

2018ko abenduan, Frantziar Estatuko iparraldean den Grande-Synthe herriak “Estatu kontseiluaren kontra” Ingalaterrara joan nahi zuten migranteak aterpetzeko gimnasio bat ideki zuen. Estatu Kontseiluak gimnasioaren instalazioak pertsona hauek edateko eta garbiketarako ura ukaiteko ez zirela aski adierazi zuen. Ondorioz, Iparraldeko prefeturari bertako garbitasun baldintzak hobe zitzan agindu zion.

Erabaki honek Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaren arreta piztu zuen, Sud Ouest egunkarian idatzitako artikulu batean jasotzen den bezala. Horrela, agintariak migranteak artatzeaz arduratzen den Pausa gunearen diruztatzean parte hartzeko eskaera luzatu dio Frantziako Estatuari. Lehen aldian Parisek laguntza hori errefusatu bazuen ere, Etchegarayk eskaera birformulatzeko asmoa du, oraingoan aipatu ordenantza atxikirik. Gobernuak erantzuna emateko bi hilabeteko epea izanen du.

2019ko hastapenetan, Elkargoko lehendakariak aterperako gunearen kostua partekatzeko nahia agertu zuen, baina Estatuak eta Departamenduak aukera horri uko egin zioten. Gogora ekarri behar da Pausa gunearen kostua hilabetean 71.000 eurokoa dela eta 151.000 euroko inbestimendua egina izan zela.