Kazeta

EHZ festibala: motorrak berotzen hasiak dira Irisarrin

Ekainaren 28tik 30era musika, eztabaida tailerrak eta animazioak nagusituko dira Baxe Nafarroako herrian. Eskaintza aberatsarekin, Euskal Herritik eta bertatik kanpoko milaka pertsona jasotzeko azken ukituak egiten ari dira EHZ festibaleko antolatzaileak.

Usaian bezala, igandean zikiroa izanen da bazkaltzeko, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik.
Usaian bezala, igandean zikiroa izanen da bazkaltzeko, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik.

Egun guti falta dira Euskal Herria Zuzenean festibalak bere ateak ideki ditzan eta Irisarrin abantzu dena prest dute euskal kultura ardatz, besta eredu alternatiboa eskaini nahi duen hiru eguneko egitarauari ekiteko. Aurten berrindarturik, ekainaren 28an ostiralarekin emanen zaio hastapena festibalari, igande arratsean bukatzeko. 

Musika eta animazioak

Musika eta animazioei dagokienez, ohikoa duen gisan, festibalak Euskal Herriko taldeei leku garrantzitsua eginen die, kanpoko hainbat talderekin batera, betiere bere nortasunari eutsiz eskaintza alternatibo eta estilo anitzi lekua egiteko. Ostiralean jotzen lehenak Montauk eta Diabolo Kiwi izanen dira, 16:15tatik aitzina. Pentzeko oholtza gainera 18:15tan hasiko dira igotzen, hurrenez hurren Manu Louis, Izaki Gardenak, Liher, Gari & Maldanbera, Koban, Madeleine eta Nizuri Tazuneri.

Egun bat berantago, 19:45tatik aitzina eszena nagusian Rodeo, Alba, Pelax, Niña Coyote & Chico Tornado eta Old School Funky Familyk hartuko dute txanda. Plazan ere 17:30tatik goiti Anarik eta The Very Small Orquestrak beren onena emanen dute, goizean Cumbiam´bero eta Elektro Buiaka aritu ondotik. Toi d´abord hurbileko zirkuak bazkalondoan jendea ongi pasaraziko du.

Festibalaren heste eguna ere zinez aberatsa eta kalitatezkoa izanen da. Astokillo Circus antzerkiarekin hasiko da 11:00tan plazan, segidan Lu Roisek musika klasikoarekin lekukoa hartuko duelarik. Led Silhouette dantza garaikidea ere ikusteko parada izanen da. Bazkalondoan Capoeira Malungos Sudouest taldearen dantzak eta Ibil Bediren rock doinuek girotuko dute Irisarriko erdigunea. Pentzean 18:00etatik aitzina Oihaneko Zühainetan, Ray Fernandez, Broken Brothers Brass Band, Willis Drummond eta Iseo & Dodosound taldeek joko dute.

Eztabaida tailerrak larunbatean

EHZ festibala ez baita soilik musika, antolatzaileek aurten indar berezia egin dute jendarteko gai batzuen inguruen gogoeta egiteko. Irisarriko Ospitalea ondarearen guneak hartuko ditu eztabaidak, ekainaren 29an larunbatarekin. 10:00etan besta kapitalistaren ondorioak aztertuko dira, arratsaldean gai berari buruzko inprobisazio tailer batekin osatuz. 11:00tatik goiti autogestioa eta antolakuntza hizpide hartuko dituzte, gogoeta orokorraz gain, eredu zehatzak landuz egunean zehar.

Eraso sexistez tailerra hasiko da goizeko 10:00etan, eraso horien arrazoietara jotzeaz gain, eraso horien aitzinean zer egin landuko delarik. Beste gaietako bat migrazioarena izanen da, Euskal Herrian migranteei egiten zaien harreraz mahai inguru bat proposatuz. Azkenik, bi hilabeteren buruan Biarritzen G7 gailurra iraganen dela kontuan harturik, gaia jorratzeko festibalak ez du aukera galtzen utzi nahi izan. Gailur horrek ordezkatzen duena azaltzeaz gain, hari buru egiteko ideiak gogoetatuko dira hurbiltzen direnen artean.

Erasorik ez da onartuko

Festibalak ingumenarekiko engaiamendua azaldu du aurtengoan ere eta hori dela eta, bere zerbitzuetan aitzindariak diren ekinbideak ezarriko ditu, besteak beste baso berrerabilgarriak edo produktu kimikorik gabeko komun idorrak. Brigada Berdeak arduratuko dira birziklapen eta jarduera egokiez. Bestetik, elikadurari dagokionez, Euskal Herriko ekoizpenen aldeko apustu sendoa eginen dute antolatzaileek, ahal delarik etxalde biologikoetatik ekarriz.

Eraso sexista, lesfobo, homofobo, arrazista edo gisakorik ez da noski onartuko, festibalak askatasunaren eta errespetuaren alde egiten baitu garbiki. Gogoz kontrako edozein jarrera desegoki duena festibaletik kanporatua izanen dela jakinarazi dute. Brigada Ubela arduratuko da jendea sentsibilizatu eta zaintza lanak egiteaz.