Kazeta

M.Culbert: “Preso politiko ohiak berdintasunezko herritarrak izatea aldarrikatzen dugu”

Michael Culbert (Belfast, 1949) irlandar preso politiko ohia eta IRAko preso ohiak hartzen dituen COISTE erakundeko presidentea Euskal Herrian da egunotan. Euskal preso eta erbesteratu ohiez arduratzen den Ipar Euskal Herriko Harrerak gomitaturik, ekainaren 25ean asteartearekin Baionan iraganen den konferentzian parte hartuko du, Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Gabi Mouescarekin (Harrera) batera. MEDIABASKen galderei erantzun die.

Michael Culbert, Foro Sozialak 2018ko urtarrilean preso eta iheslarien etxeratzeaz antolaturiko jardunaldietan.
Michael Culbert, Foro Sozialak 2018ko urtarrilean preso eta iheslarien etxeratzeaz antolaturiko jardunaldietan.

COISTE elkarteak urte hauetan zenbat preso ohi lagundu ditu?

Badira IRAren ekinbideari loturik kartzelan denbora bat pasa behar izan zuten 25.000 preso politiko ohi. Ez dugu datu zehatzik, gobernu irlandar eta britainiarrak erraten baitigute ez dutela errolda xeherik. COISTEk gai hau ikertu zuten unibertsitate akademiko batzuekin lan egin zuen eta haiek 25.000 inguruko kopurua kalkulatu zuten. Pertsona hauek guziak ez daude gure erakundearekin harremanetan, baina gehiengoa bai, nahiz eta harreman horrek intentsitate ezberdina ukaiten ahal duen.

Nolako laguntza ekonomikoa (instituzionala, donazioak, ekimenak...) jasotzen du zuen elkarteak?

1998tik aitzina COISTEk nazio mailako sare bat du. Hastapenean, sare horrek 13 bulego zituen, 70 langilerekin. Europar Batasunari (EB) funts laguntzak galdegin zitzaizkion. “Bakerako dirua” izendatu genuen. Laguntza horiekin Irlandako hainbat hiritan bulegoak antolatu genituen preso ohientzat nodo bat izan zitezen behar zutenerako laguntza eskaintzeko: enplegurako formazioa, gaitasunen gaurkotzea, hezkuntza maila ezberdinetan sartze, terapia, familia laguntza, haien haurrek hezkuntza izan zezaten beken eskaintza, aldarriak eta lobbying-a. Murrizketen ondotik, egun soilik zazpi bulego eta bederatzi langile ditugu.

Laguntza gehienak EB-etik etortzen ziren baina hori gertatzeko gobernu irlandarrek - Stormonten eta Dublinen - ekarpena egiteko engaiamendua hartu behar izan zuten. Urte hauetan sareak hainbat milioi euro jaso ditu laguntzetan, soldatetarako, lokalak alokatzeko, formazio ikastaroetarako...

Gobernuak presoen birgizarteratzean parte hartu al du? Eta hala bada, nola?

Hau errespetutik erranen dut: guk ez dugu “birgizarteratze” kontzeptua onartzen, ez baitugu onartzen gure komunitateekiko banaketa-desegituraketa kontzepturik. Maila orokorrean, gutako gehienak konplikaziorik gabe itzuli ginen presondegitik gure komunitateetara. Gure arazoak jendarteko beste sektore batzuekin izaten ziren, batez ere alor publiko nahiz gobernu mailakoekin eta enpresa handiekin. Eta noski, gobernu britainiarrarekin. Terminologia aldetik, gure aldarrikapena “berdintasunezko herritarrak” da, zeinak kontzeptu berdinak jasotzen dituen baina ez hizkuntza kriminalizatzailean. Kriminalak dira birgizarteratu behar direnak.

Gobernu britainiarrak gu baztertzeko koadro legal garrantzitsua du oraindik, dela enplegu mailan, hezkuntzan, hirugarren herrialdeetara bidaiatzeko aukeran... Laburtuz, ez gara berdintasunezko herritarrak. Beste herritar batzuk dituzten ondasun eta zerbitzuak ukatzen ahal zaizkigu. COISTEk hori aldatzeko lan iraunkorra egiten du.

Hitz batean, britainiarrek ez dute laguntzen. Tokiko administrazioari dagokionez, Sinn Fein gu laguntzeko erreformak gauzatzen entseatzen da baina Westminsterreko legedia beti gainetik dago.

Nola gauzatu da preso ohiekiko elkartasuna?

EB-k eta alderdi politiko irlandarrek COISTE IRAko preso ohiak ordezkatzen dituen erakunde gisa aitortzen dute. Horregatik, preso politiko ohi guzien izenean mintzatzen gara, agiriak argitaratzen ditugu, interpelazioak egin eta haien guzien aldeko kanpainak aitzinera eraman. Gisa berean, gure bulegoetako ateak denentzat idekiak dira. Irlandan izan ziren soldadu britainiar ohiak ordezkatzen dituzten taldeekin eta aitzineko indar poliziala zen RUC-eko pertsona batzuekin ere lan egiten dugu. Gure xede partekatua da bake prozesua sustatzea, gure iraganak eta bideak zergatik hautatu genituen azaltzea. Eta baita aldaketa politikoak lortzeko borroka armaturik ez dugula behar belaunaldi berrien artean konfiantza sortzea ere.