Kazeta

Lorentxa Beyrieren baldintzapeko askatasunaren erabakia uztailaren 18an

Roannen den eta 18 urte presondegian daramatzan Kanboko preso politikoak hirugarrengoz galdegin zuen baldintzapeko askatasuna. Zigorren aplikaziorako auzitegian egin zen eztabaida ostiralean eta GARAk argitaraturiko artikuluaren arabera, prokuradoreak Lorentxa Beyrieren defentsak aurkezturiko argudioak errefusatu zituen. Kanbon elkarretaratzea egin zen.

Lorentxa Beyrieren sustengu komiteak deiturik, jende andana bat bildu zen ostiralean Kanbon.
Lorentxa Beyrieren sustengu komiteak deiturik, jende andana bat bildu zen ostiralean Kanbon.

Lorentxa Beyrie Kanbotik 683 kilometrora dago preso, Roanneko presondegian. Hiri horretan egin zuten ostiral goizean baldintzapeko askatasuna eskuratzeko kanboarrak aurkezturiko eskaeraren inguruko auzi saioa, GARAk jaso zuenez.

2013an eta 2016an ere bermepean libre ateratzeko eskaera aurkeztu zuen euskal presoak. Duela hiru urte aurkeztutakoa errefusatzeko, “berriz delitua egiteko arriskua” zegoela argudiatu zuen prokuradoreak. 2011 urteaz geroztik ETA erakundeak bere jarduera armatua bertan behera utzi izana ez zuen kontuan hartu ministerio publikokoak.

Beyriek aske izateko baldintzak bete arren, besteak beste, aldi oroz lan eta etxebizitzari buruzko bermeak aurkeztu baititu, auzitegiak gibelera bota ditu orain arteko bi eskaerak. Ekainaren 21eko goizean, zigorren aplikaziorako auzitegiak 2017ko abenduan kanboarraren defentsak aurkezturiko txostena aztertu zuen.

Presondegian 18 urte daramatzan presoak ez zuen oraingo auzian ere ”jarrera aldaketarik” sumatu, ez bederen prokuradorearen aldetik. Saio judiziala bukatu eta, bere amari telefonoz azaldu zionez, bi oren iraun zuen eztabaidan prokuradoreak behin baino gehiagotan jarri zituen zalantzan presoak bere geroari buruz azaldutako asmoak. Janine Beyriek GARAri egindako adierazpenetan erran zuenez, “aurreko prozeduretan gertatu zena ikusita, Lorentxak ez zuen harriduraz hartu prokuradorearen jarrera”. Gisa berean, presoaren amak aitortu zuenez, “alabak epaileek bestelako errespetu bat erakutsi zutela sentitu zuen”.

Presoaren abokatu Bourdonen eta prokuradorearen artean “eztabaida zinez bizia” izan zela nabarmendu zuen Janine Beyriek. Horrez gain, gisq honetako prozedurek urte luzez presondegian izan diren presoengan “tentsio handia sortzen dutela” adierazi zuen.

Xistor Haranburu, erabakiaren zain

Lorentxa Beyriek aurkezturiko eskaerari buruzko erabakia uztailaren 18an jakinaraziko du auzitegiak, baina horren aitzinetik, uztailaren 5ean, kartzelaldiko 30. urtean sartua den Frederic “Xistor” Haranbururen baldintzapeko askatasun eskaerari buruzko erabakia ezagutuko da.

Lannemezanen preso duten senpertarrak aurkezturiko bigarren askatasun eskaeraren aurka azaldu zen prokuradorea iragan maiatzaren 8an egin zen auzi saioan. Aldiz, Okzitaniako kartzelako zuzendariak eskaera babestu zuen, auzi saiora bertaraturik.