Josu Urrutikoetxea auzitan Parisen

ETA erakundeko agintari ohiaren kontrako auzia abiatuko da ekainaren 19 honetan Pariseko helegite auzitegian. Zigor eta askatasunen epaileak Josu Urrutikoetxea kartzelaratzeko eman zuen aginduari defentsak ezarritako helegitea aztertuko du justiziak.

Maite UBIRIA|19/06/2019 10:12|0 comentarios
Img_20190619_100004
Helegite Auzitegian, Parisen, iraganen da gaurko auzia. @AnttonETXEBERRI

Sallanchesko erietxean ebakuntza bat egiteko hitzordua zeukala atzeman zuten, iragan maiazaren 16an, azkeneko 17 urteak klandestinitatean pasa zituen Josu Urrutikoetxea, Naiz atariak zabaldu duenez.

Iaz desagertu zen ETA erakundearen militante historikoa, Urrutikotxea atxilotu eta berehala lehenengo azterketa medikua agindu zuen poliziak. Parisera eraman ondoren, jarraipen medikala izan du baita Sante-ko espetxean sartu ondoren ere.

Familiak Urrutikoetxea bisitatzeko baimenik ez badu jaso ere, abokatuek ahal izan dute berarekin mintzatu. Horren ondotik, bere osasun egoera ez dela bateragarria kartzelako bizitzarekin aldarrikatuko dute, gaur bertan, auzitegian.

Helegite gorteak Urrutikoetxearen defentsak zigor eta askatasun epaile delakoak Ugaoko militantea espetxeratzeko eman zuen aginduari helegitea ezarri zion eta galdera horri erantzun beharko dio, seguruenik gaurko saioan bertan, epaileak.

Auzia berriz instrukziotik hasi

Izan ere, gaurko agerraldiaren muina beste bat da. Frantziako justiziak bi zigor ezarri zizkion Urrutikoetxeari, hura sasian zelarik. Horietako bat mahaigainean ezarriko du gaur epaileak. Errebeldian emandako ebazpena izanik, ETAren azken deklarazioa irakurtzea egokitu zitzaion militanteari sententzia errefusatzeko parada emanen dio epaileak.

Defentsak gaurko auziaren aitzinean azaldu zuenez, bai gaur aztertzekoa den sententzia baita hilaren 28an ezarritako beste auzi batean Urrutikoetxeari jakinaraziko dioten zigorra ere errefusatzeko asmoa du, auzia berriz ere instrukzio fasetik abiatzeko eskaera luzatuz.

Urrutikoetxea askatzeko defentsak aurkezturiko erabakiari erantzuna eman beharko lioke ahal den eta azkarren epaileak. Harritzekoa litzateke, ordea, auziaren mamiari buruz erabaki irmoa gaur ematea. Eztabaida tekniko-juridikoak pizu handia izanen dela gaurko saioan aurreikusi daiteke, eta ezin da baztertu epaileak auzia gibelatzea eta beste data bat proposatzea, defentsa berme guztiak aintzat hartuta, prozedura gauzatzeko.

Iritzi publikoaren bataila

Urrutikoetxea atzeman zutenetik, gehienbat gobernua eta iritzi publikoari begira elkartasun kanpainia martxan jarri zen frantses estatuan.

‘Liberation’ eta ‘Mediapart’ hedabideek Urrutikoetxeak borroka armatuaren bukaeran eta orohar gatazka konpontzeari begira jokatutako «papera garrantzitsua» azpimarratu zituzten iritzi artikuluak argitara eman zituzten, mundu mailako pertsonalitateen sostenguz.

Ildo beretik, dagoeneko 5.000tik gora herritarrek babestu dute Urrutikoetxearen aurkako auzibidea konponbide prozesuari traba berria ezartzen diola aldarrikatzen duen deklarazioa.

Auziaren bezperan, azkenik, ‘Le Monde’ egunkariak gatazka konponbideetan eskarmendu handia duten hiru adituk sinaturiko iritzi zutabe berria plazaratu zuen.

Frantses gobernuak «balendriaz» jokatu dezan bai Urrutikoetxaren auziari begira baita gatazkak utzitako beste ondoroei begira ere -presoen egoera eta biktimen auzia aipatzen zituzte, zehazki- horren alde eragitea eskatzen zioten, bereziki frantses iritzi publikoari aipaturiko artikuluan Irlanda edo Kolonbiako auziak hurbiletik jarraitu zituzten adituek.

NOTICIAS RELACIONADAS