Lehen aldikoz piztuko dute Angelun udako solstizioko sua

Angeluko sei elkartek antolaturik, ekainaren 15ean larunbatarekin udako solstizioa ospatuko dute Zaldunen hondartzan (Les cavaliers). Besta giroko egitarauaren erdian, "Donibaneko" sua piztuko dute.

Kazeta|14/06/2019 13:56|0 comentarios
San_juan_sua
Euskal Herriko hamaika txokotan bezala, Angelun ere antzeko irudia errepikatuko da larunbatean.

Angeluarrak, Ibaialde, Kimua Ikastola, Angeluko Surf taldea, Surfrider eta Manex Goihenetxe kultur etxeak indarrak batu dituzte heldu den ekainaren 15ean udako sasoiari harrera eginen dion besta antolatzeko.

Zaldunen (Les Cavaliers) hondartzan iraganen den egitaraua arratsaldeko 15:00etan hasiko da haurrentzat prestaturiko jokoekin. Memento berean Surfrider elkartekoekin batera hondarkinen bilketa eginen da. 17:30ean kantaldia izanen da, Ibaialde, Argileak eta CC Bird Marilu talde angeluarrekin.

Angelu kostako hiria izanik, 19:30ean batelak atera eta surflarien topaketa ere izanen da. Hori guzia txalaparta eta dantzariek giroturik. Izan ere, oren bat berantago piztuko dute sua, arratsari mementorik hunkigarriena emateko. Bestak goizaldeko biak arte jarraipena izanen du, musika eta kontzertuak iragarriak baitira, bai eta tokiko mozkinak jateko aukera ere.