Beste politika mota bat erakutsi dute G7ari aurre egiteko

Karta Soziala plataforma eta "Euskal Herriak kapitalismoari planto" iniziatiba bildu dira ekainaren 12an Hendaian. G7arekiko alternatibak mahai gaineratu dituzte.

Kazeta|13/06/2019 07:20|0 comentarios
Guz_g7ez_hendaia_gfauveau-2
Mintzaldi baten ondotik, hirian barna ibili dira manifestariak. ©Guillaume FAUVEAU

G7ren kontra mobilizatu dira ekainaren 12an Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala biltzen duen Karta Soziala plataformako eta "Euskal Herriak kapitalismoari planto" iniziatibako kideak. Hendaiako Antoine d’Abbadie auditorioan antolaturiko mintzaldi baten ondotik, hirian barna ibili dira manifestariak.

OMAL taldeko Gonzalo Fernandezek eta ATTAC erakundeko Cucan Hernandezek eskaini dute mintzaldia. "Lurraldearentzako aspektu positiborik ez du gailurrak", adierazi du ELAko sindikalista den Amaia Muñoak. "Bertakoen egunerokotasunarentzat kalte handiak ekarriko ditu." Karta Sozialaren arabera, G7a demokraziaren kontra doa, eta ezberdintasunak areagotuko ditu.

"Beste politika bat posible da. Erresistentziaren aldeko apustua egiteaz gain, alternatibak erakutsi nahi ditugu. Proposamen horiek landu nahi ditugu agorrilean", azaldu du berriz ere Amaia Muñoak. Euskal kostaldera etorriko da seguru aski beste behin mugimendua, bere kexua adierazteko.