Goizeder TABERNA

Maider Arosteguyk hauteskundeetarako bere taldea presentatu du

Hurrengo herri hauteskundeetarako Biarritzeko hautagai eta egungo oposizio burua denak bere bere desmartxa aurkeztu zuen babes taldeak inguraturik. Hauteskunde lasterketa horretan alde guzietan mugimenduak izaten ari dira.

Maider Arosteguy herri hauteskundeetan hautagaietako bat izanen da Biarritzen. © Bob EDME
Maider Arosteguy herri hauteskundeetan hautagaietako bat izanen da Biarritzen. © Bob EDME

Maider Arosteguy Les Republicains alderdiko kidea joan den ekainaren 6an familia politiko ezberdinetako biarriztarrez inguraturik aurkeztu zen prentsaren aitzinean. Hiriko oposizioko eta Departamenduko kontseilariak 2020ko herri hauteskundeetarako Notre Biarritz proiektua haiekin batera eramateko asmoa azaldu zuen. 

Hogeita hiru pertsonek eman diote babesa bere izendapenari. “Gutako bakoitzak gure baloreak ditugu, gure engaiamenduak, batuko gaituen proiektua izanen da”. Arosteguyk berak eta Gerard Courcellesek animaturiko Mon Biarritz elkartearen desmartxaren fruitu gisa aurkeztua izan da proiektua. Azken sei hilabeteetan ondoko urteetarako proiektua marrazteko biarriztarrekin bildu direla adierazi dute. “Errealitate bilakatu nahi dudan proiektua da”, erran zuen Biarritzeko lehen emazte auzapeza izan nahi duenak. Horrela iragan omen da “Mon Biarritz” “Notre Biarritz” izatera.  Bere proiektuarekin, kudeaketa kontseilariak hiru ardatzetan lan eginen du: bizi eremuaren babes eta zainketa, erabakien hartzean biarriztarrek duten lekua eta elkartasuna.

Talde hau Les Republicains, LREM eta zentrista kidez ez ezik, bere burua ezkerrekotzat hartzen duen kide batez ere osaturik da. Eta baita egungo gehiengoarekin asegabe direnengatik ere. Hau da Edouard Chazouillere eta Anne Pinatelen kasua. 2014an Michel Veunacekin hautaturik, orain Maider Arosteguyren egitasmoa defendatuko dute. Chazouillere ez zen soilik Michel Veunacen merkataritza axuanta izan, aitzineko hauteskunde kanpainako zuzendaria ere izan baitzen. UDI alderdian oraingo bere buru berriarekin garai bat partekatu zuen. Pinateli dagokionez, Hotel du Palaiseko administratzaile ohietako bat da. Funtzio horri uko egin zion.

Hautetsiekiko, kazetariekiko, aktibitate ekonomikoarekiko, prozedura arauekiko edo Biarritzeko ondarearekiko “mespretxuzko mandatu” baten ondotik, Edouard Chazouillerek errespetuan oinarrituriko bestelako mandatu batekin egiten du amets. Hirian liburu-denda bat kudeatzen duen Thomas Habas kanpainako zuzendariak ere ikuspegi honekin bat egin eta elkar eraikuntza gehiago nahi du.

Maider Arosteguyk 2017an Frantziako hauteskunde presidentzialetan François Fillonen hautagaitza babestu zuen eta orain ez dirudi oposizioko bere kideekin kontatzen duenik. Erraterako, Departamenduko Kontseiluan barrutia ordezkatzen duen eta 2014an berak babesturik zerrenda buru izandako Max Brissonekin. Aurkezpenean aipatu ere ez zuen egin. Bien arteko harremanaz galdegitean, parlamentari gisa bere babesa espero duela erran zuen.

Barucq eta Mostch

Guillaume Barucquek ere ez ditu bere asmoak ezkutatu. Michel Veunacen axuanta denak ekaina bukatu aitzin bere hautagaitza aurkeztu beharko luke. Nahi lukeen zerrenda herritarra proiektu ekologiko batean zentratuko litzateke. Familia politiko ezberdinetatik jindako gizarte zibileko jendeak nagusituko lirateke lista horretan.

2014an mediku surflaria Biarritz Vague d´Avenir zerrendaren burua izan zen. Bigarren itzulia iraganik, Michel Veunac auzapezarekin aliantza bat egin eta bera zein Sylvie Claracq, Nathalie Sauzeau eta Fred de Bailliencourt kideak gehiengo munizipalera batu ziren. Haietako bakoitzak bere bidea hartuko badu ere, Barucqekin aurpegi berriak ere agertu beharko dira.

Azkenik, badira zenbait hilabete Nathalie Motsch Michel Veunacengandik urrundu dela eta hautagai izateko bere iragarpena ere espero da. Ekainaren 5ean herri kontseiluan egin zituen aipamenak adierazgarriak dira: “2020an biarriztarrekin, tokiko enpresariekin eta BOPBrekin hiriaren eta bere zerga ordaintzaileen zerbitzura egonen den proiektua abiatzeko aukera izanen dugu”, erran zuen Aguilerako ordokiari erreferentzia eginez. Hori noiz izanen den da galdera, izan ere, uztailaren 1etik aitzina Biarritz sasoi turistikoan eta G7 gailurraren prestaketan murgildurik izanen da.