Belharra eta Aguilera kliniketako langileen haserrea emendatuz doa

CFDT sindikatuak Belharra eta Aguilera kliniken jabea den Capio multinazionalak langileen osasun osagarriaren inguruko hitzarmena egiteko duen borondate eza salatu du. Jakinarazi dutenez, elkarrizketa soziala etenda dago.

Kazeta|10/06/2019 06:35|0 comentarios
-1
Capio Belharra klinikak 2015eko agorrilean ideki zituen bere ateak.

Capiok Euskal Herrian dituen kliniketako lan baldintzak ez dira onak. Hori da CFDT sindikatuak joan den astean jakinarazitakoa. Klinika arloko zuzendaritzak uste du dispositiboa defizitarioa dela eta prezioak berrikusi nahi lituzke. Gisa horretan, Frantzian Capio taldeak dituen gainerateko kliniketan den osasun osagarri plana ezarri nahi luke. Azken bilkuren ondotik, langileen ordezkariak ez dira bereziki baikorrak.

Belharra eta Aguilera kliniketan elkarrizketa soziala eskas da. Azken aste eta hilabeteetako greben ondotik, CFDT sindikatuak zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate falta salatu du. Osasun osagarrien hitzarmenak bukatzear direlarik, ez dirudi elkarrizketek aitzina egiten dutenik. 

Sindikatuak egoera ahal bezainbeste ezagutarazi nahi du, “zuzendaritza arrazoira eraman ahal izateko”. Kliniketako egonaldien prezioak aski garestiak direla salatzen dute, 200 euro inguru gaueko. Memento berean, langileen osasun osagarrien baldintzak oso eskasak dira. Besterik kontuan hartu gabe, egoera honen gibelean establezimenduen finantzaketa optimizatzeko kudeaketa eredu bat baizik ez dagoela deitoratu dute.

MEDIABASKek galdeginik, Capio taldeko eskualdeko komunikazio sailak jakinarazi du zuzendaritzak ez duela auzi honi buruzko adierazpenik egin nahi.

Espainiar Estatuan ustelkeriaren itzalean

Capio taldearen izena auzo herrialdeetan ere zikinduta dago. Multinazionalaren jabetza sozietate instrumental ezberdinen esku dagoelarik, balirudike jabetzaren gibelean nor den ezkutatzeko nahi bat dagoela. Inbertsio funts ezberdinen esku omen dago. Frantziar Estatuan aski finkaturiko taldea da, Europa mailan osasun pribatuan herrialde garrantzitsuenetarikoa baita. Baina multinazional hau Espainiar Estatuan ere aski ezaguna da.

Berez, suediar jatorria duen talde hau osasun zerbitzuen pribatizazio uholdearen onuradun nagusia bilakatu zen eskuina buru zen eskualdeetan. Erraterako, Valentzian, Madrilen edo Katalunian. 2000ko hamarkadan, pribatizazio hauei buruz erabakiak hartu zituen politikari andana bat egun presondegian da, ustelkeriari loturiko auzi garrantzitsuetan nahasturik. Espainiar Estatuan nagusietako zen Quiron taldea erosi ondotik hedatu zen Capio eta pribatizazioaren truke, politikari ohi ainitz urrearen prezioan kontratatzea leporatzen zaio.