Senpereko oposizioa 2020ko hauteskundeetarako prestaketan

Elgarrekin Senpererentzat / Ensemble pour Saint-Pée oposizioko taldeak egungo kudeaketa munizipalaz punttu bat egin du eta heldu den mandaturako bere proiektua nahiz zerrenda aurkeztu ditu.

Kazeta|08/06/2019 07:47|0 comentarios
2014ko_lista
2020ko hauteskundeetarako 2014an aurkezturiko zerrendaren erdia arraberrituko du Elgarrekin Senpererentzat taldeak.

2020ko hauteskundeetarako oposizioko taldearen zerrendak Dominique Idiart izanen du buru. 18 urteko ibilbidea du Senpereko herri kontseilari gisa. Besteren artean, kultur eta elkarteen gaien axuant postua bete izan du Idiartek, Christine Bessonarten mandatupean laborantzarako lehen axuanta izan ondotik. 2014an Bessonartek presentatu nahi ez bazuen ere, zerrendaburua izan zen azkenik, baina Herriko Etxea lortzeko apustuan huts egin zuen. Ordutik, Elgarrekin oposizioko taldeko herri kontseilaria izan da.

Egungo gehiengoaren kontra egin izan dituen kritikez galdetzerakoan, Dominique Idiartek fite erantzun du: “hainbat kritika badira, baina zalantzarik gabe, garrantzitsuena, ibilmoldeari lotua da”. Egungo herri kontseiluak zortzi axuantekin eta zazpi delegaturekin egiten du lan. Elgarrekin taldearen ustez, hamabost ordezkari dituen gobernantza batek “pertsona bakoitzak dituen konpetentzien araberako ikusgarritasun arazo bat” ekarriko luke. Senpertarrei erantzun bat emateko antolamendu hau txarra eta emankorra ez dela iritzi dio oposizioak. Beste disfuntzio batzuk ere eraginen lituzke.

Idiarten arabera, horietako bat hautetsien parte hartze eza litzateke. “Ongi da konpetentziak ukaitea, baina lurraldean nolabaiteko presentzia izan behar da, dosierrei segimendua egin eta hauek gidatu”, erran du suminduta. Berak azpimarra egiten du egungo hautetsiek ordezkari ardurak gainetik kentzeko duten joeran. Froga? Hiru urtetan zortzi ordezkarik utzi dute ardura (erretreta dela eta), usu ondoko elkargoetan gisako ardurak hartzeko. Oposizioko buruak bakoitzaren funtzioak oroitarazi ditu: “Ordezkarien eta hautetsien arteko elkarlana egon behar da. Lehenak deliberoak gauzatzen laguntzeko daude, baina haien atal politikoa eta erabakiak hautetsiek gidatu behar dituzte”. Ondorio gisa, senpertarren kaltetan egungo hainbat dosier geldirik edo erantzunik gabe daudela adierazi du.

Batzorde munizipalak ere begiz jota ditu oposizioak eta deitoratu duenez, gogoetarako eta elkar aditzeko gune hauek ondoko herri kontseiluen gai ordenaz informatzeko gune soil bilakatu dira. “Garrantzitsua da hautetsi guziek parte hartu ahal izatea eta abian jarritako erabakiei ekarpenak egitea”, aldarrikatu du Idiartek. Bere iritziz, ibilmolde honek Hirigintza Planaren gibelapena ekartzen du. 2015ean bozkatu zen eta oraino ez da berretsia izan. 

“Gizarte zibila ordezkatzen duen zerrenda bat”

2020ko hauteskundeetarako zerrenda aitzinekoarekin konparatuz arras ezberdina izanen da, erdia arraberrituko baita. Egungo sei hautetsiak presentatuko dira, baina lurraldean inplikaturiko pertsonak izanen dituzten ondoan. “Gizarte zibila ordezkatzen duen zerrenda bat nahi genuen, maila batean libre izateko aukera duten eta beren denbora herriari eskaintzeko prestasuna duten pertsonez osaturik”, dio Idiartek.

Politikoki, zerrenda honek ez luke etiketarik izanen. “Ezkertiarrak diren pertsonak ditugu, eskuindarrak eta baita abertzaleak ere. Guzien helburua da herriaren eraikuntzan laguntzea. Ez dugu egin denaren erabateko aldaketarik nahi, baina gure aitzinekoek transmititu zigutenari segida eman nahi diogu”, azaldu du auzapeza izan nahi duen hautagaiak. Herritarrengandik hurbil izatea da bere xedea, gisa horretan demanda ezberdinak asebetetzeko, eta baita laborantza sektorea babestu eta etxebizitza beharrei erantzuteko ere.

Hori guzia prestatzeko, Elgarrekin Senpererentzat taldeak ekainaren 8rako topaketa egin nahi du senpertarrekin. Egun beren helburuak beteko ez dituzten auzoetako kontseiluekin nahigabeturik, herritarren galdeak eta espero dituztenak jasotzen entseatuko dira. Hauteskunde bitartean zerrendan izanen diren kideei formazio bat eskainiko zaie, fite lanean hasteko prest izateko, betiere herritarrek bozetan hautatuak izanez gero.