Kazeta

Murgiltze sistema: Blanquer ministroaren arabera frantsesaren ezagutza “arriskuan” da

Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkunde Nazionaleko Ministroak senatuan egindako eztabaidan “eskualdeetako hizkuntzen” murgiltze sistema zalantzan jarri du beste behin. “Haurrek soilik eskualdeko hizkuntza erabiltzeaz” beldur dela adierazi du.

Frantziako Gobernuaren jarreraren aitzinean, murgiltzearen aldeko mobilizazioak emendatzen ari dira.
Frantziako Gobernuaren jarreraren aitzinean, murgiltzearen aldeko mobilizazioak emendatzen ari dira.

Jean-Michel Blanquerrek “eskualde hizkuntzen” murgiltze sistemarekiko bere mesfidantza berretsi du. Hezkunde Nazionaleko Ministroaren arabera, eredu honen bertute pedagogikoak zalantzagarriak dira eta frantsesaren ezagutza “arriskuan” egon daiteke.

Frantziako senatuak eskolen inguruko lege proiektua bozkatu zuen maiatzaren 21ean eta “eskualde hizkuntzen” murgiltze sistemaren eztabaida erdigunean egon zen. Ministroak hitza hartu zuen berriz ere eredu honen kontra duen jarrera agertzeko. “Haurrek eskualdeko hizkuntza hitz egiten dute soilik” bezalakoak erran zituen. “Pedagogikoki ainitz bada eztabaidatzeko. Haurra frantsesa errefusatzeko egoera jartzen bada, kognitiboki ez da hain ona,”, gaineratu zuen.

Hitz hauek murgiltze eredua eskaintzen duten eskolen salaketa eragin zuten. Seaska ikastolen federazioak bezala, bretoiera irakasten duen Diwan ereduko presidentea den Stephane Stollek bere haserrea agertu zuen: “Berak ezin du halakorik erran, aski ongi dakielako murgiltze eredua ez dela elebakartasuna, elebitasuna bermatzen duen eredu bat baizik”.

“Haurrak elebidunak dira!”

“Oraino ezin du sinetsi ordezkari nazionalaren aitzinean halakorik erratea”, harriturik adierazi zuen Stollek. “Ministroak badu informazioa, badaki zer egiten dugun, badaki Diwan murgiltze eskolak hitzarmenpean direla. Programa frantsesez egiten dugu, ebaluazioak erregularrak dira, azterketak gainditzen dira, haurrak urrun dira elebakartasunetik... Kontrakoa, elebidunak dira!”, erran zuen bere haserrea ezkutatu gabe.

Blanquer ministroaren adierazpenak ez datoz guztiz bat Emmanuel Macronek joan den astean Biarritzen egindakoekin. Frantziako presidenteak murgiltzearen “alde” egin ez bazuen ere, eredu hori funtzionatzen ari direla erran zuen. Baina azken asteetan Blanquer eta Gourault ministroek agertu duten jarreraren aitzinean, euskara, korsikera, bretoiera eta katalanera defendatzen duten eragileak biziki kezkatuak dira.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak adierazpen hauek deitoratu ditu. “Gure xedea da gure ikasleak euskal hiztun izatea, elebidun orekatuak, estatuarekin dugun hitzarmenean jasotzen den bezala”. Frantsesaren sartze gradualarekin, ikasleak CM2 elebidun dira. “Ministroaren hitzek fede txarra erakusten dute”, erran du Gorostiagak. Seaskak ondoko sartzerako eskaturiko postuez ministerioaren erantzunik gabe jarraitzen duen bitartean, mobilizazioei eutsiko die.