Kazeta

G7 gailurraren kontra biltzeko deia Maulen eta Hendaian

Agorrilaren 24tik 26ra Biarritzen eginen den G7 gailurraren kontrako eta beste mundu baten aldeko G7-Ez plataformak, Maulen eta Hendaian bilkura publikoak antolatu ditu maiatzaren 24an.

Iragan astean Macronen bisitaren aitzinean Biarritzen egindako protesta.  ©Bob EDME
Iragan astean Macronen bisitaren aitzinean Biarritzen egindako protesta. ©Bob EDME

Emeki-emeki hurbiltzen ari da munduko herrialde aberatsenetako agintariak Biarritzen bilduko dituen G7 gailurraren data. Hori dela eta, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitz elkartzen dituen G7-Ez! Euskal Herriko plataforma aurkezpen eta bilkura publikoak biderkatzen ari da Euskal Herrian gaindi.

Maulen eta Hendaian maiatzaren 24an emanak dira hitzorduak. Arratseko 20:30tan hasiko dira, Mauleko Barenne anaien karrikako zerbitzugunean eta Hendaiako Autoport gunean. Bilkuretan, ondoko hilabeteei begirako mobilizazioak presentatuko dira, antolaketarako moldeak aztertzearekin batera. Besteren artean, plataformak jadaneko iragarria du agorrilaren 19tik 26ra Irun eta Hendaia artean kontra gailur bat antolatuko duela.