Navarrorum: euskararen bi mila urteko ondarea Irisarrira ekarria

Joan den maiatzaren 18tik Ospitalea ondare hezkuntzarako zentroan bisitatu daiteke Nafarroako Artxiboetako dokumentu zaharrez osaturiko erakusketa. Ekainaren 15era arte izanen da euskararen inguruko dokumentu eta irudi historikoak ikusteko parada.

Kazeta|21/05/2019 13:55|0 comentarios
Navarrorum_erakusketa__exponavarrorum
Navarrorum erakusketan 25 panel, agiriak eta dokumentuak ikus daitezke. @exponavarrorum

“Navarrorum, euskararen gaineko nafartar dokumentuak, bi mila urteko ondarea” izeneko erakusketa ikusgai da Irisarriko Ospitalea zentroan ekainaren 15era arte. Nafarroako Artxibategi nagusiak sorturiko lan honetan biltzen diren dokumentuak euskararen lekua eta bilakaeraren lekuko dira.

Bi mila urteko historiaren eta hizkuntzaren garai ezberdinak banatzen dira, sei atal nagusitan: hizkuntza, bere aztarnan; hizkuntza, izenaren jabe; hizkuntza, idazteko; hizkuntza, inprimategian; hizkuntza, atzeraka, gibelka; eta hizkuntza, arrazoiaren eta nazioaren artean.

Erakusketa astelehenetik larunbatera idekia izanen da, goizeko 10:00etatik 12:30tara eta 13:30tatik 17:30tara eta lau hizkuntzatan proposatua da: euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Jende guziari idekia da, baina kolegio eta lizeoei zuzendu nahi zaie bereziki.

Hiru hitzaldi euskararen bilakaeraz

Erakusketak iraunen duen denbora honetan euskararen historiari loturiko hitzaldi ziklo bat antolatua izan da. Maiatzaren 29an, Céline Mounole euskararen gramatika ikertu izan duen baionarrak “euskararen historia: lehen lekukotasunetarik XX. mendea arte” gaia izanen du hizpide, arratsaldeko 19:00etatik aitzina Ospitalean berean.

Ekainaren 5ean Iñaki Camino hizkuntzalari donostiarra Ipar Euskal Herriko euskal mintzoen berrikuntzaz arituko da eta aste bat berantago, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzain baigorriarra eta Philippe Chareyre historialari frantziarra mintzatuko dira. Bernart Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” liburuaren irakurketa berria eginen dute. 

Mintzaldiekin batera, ekainaren 1ean 16:30ean Koralaren emanaldia izanen da, ondotik Amets Arzallus eta Ortzi Idoate bertsulariek txanda hartuko dutelarik.